Mundua -

Italia

Berlusconiren alderdiko ministroek dimisioa eman dute

'Il Cavaliere'k eskatuta hartu dute erabakia. "Ez dira gu Gobernuan gelditzeko baldintzak betetzen", adierazi dute aipaturiko ministroek ohar batean.

Silvio Berlusconi. Argazkia: EiTB
Silvio Berlusconi. Argazkia: EiTB
Silvio Berlusconi. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Silvio Berlusconiren Askatasunaren Alderdiko (PDL) ministroek dimisioa eman dute, ohar batean jakinarazi dutenez.

"Berlusconik Gobernua uzteko gonbidapena egin digu atzo Ministro Kontseiluak justizia eta fiskalitate alorretan hartutako erabakien harira. Gure ustez, ez dira gu Gobernuan gelditzeko baldintzak betetzen", adierazi dute.

Angelino Alfano, Nunzia De Girolamo, Beatrice Lorenzin, Maurizio Lupi eta Gaetano Quagliariello politikariek sinatu dute oharra.

"Dimisioa eman dugu, eta horrekin hurrengo egunetan eztabaida sortzea eta bakoitzak erantzukizuna bere gain hartzea nahi dugu", gaineratu dute.

Enrico Letta Italiako lehen ministroak Giorgio Napolitano presidenteari deitu dio egoeraren berri emateko.

Lettak Italiako Gobernuaren jarduna etetea erabaki zuen atzo, konfiantza mozioa pasatu arte. Horrek BEZaren igoera ekarri du, eta, ondorioz, ituna urratu dutela argudiatuta, haren alderdiko ministroei dimisioa emateko eskatu zien Berlusconik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea