Mundua -
Istiluak Moskun
Moskuko istiluak eragin zituen hilketaren ustezko egilea atxilotu dute
Atxilotzera joan ziren agenteen aurrean, gizonezkoak "erresistentzia erakutsi" zuela adierazi du Barne Ministerioak, baina inor ez da zauritu.
Erredakzioa
Poliziak gaur atxilotu du Mosku hego-ekialdeko Biryuliovo barrutiko gazte baten ustezko hiltzailea. Igandean Errusiako hiriburuan izandako istilu etnikoak eragin zituen hilketa horrek.
Polizia errusiarrak adierazi duenez, Orján Zeinálov Zajid-Oglí, Azerbaijanen jaioa, Kolomna hirian atxilotu eta helikopteroz Moskura eraman dute.
Errusiako Instrukzio Batzordeak azaldu du susmagarria 48 orduz preso izan dutela, legedi errusiarrak zehazten duen moduan. Epe horretan, ebazpen judizial bat igorri behar da zaintza luzatu ahal izateko.
Barne Ministerioak jakinarazi du ustezko hiltzaileak "erresistentzia erakutsi" zuela atxilotzera joan ziren agenteen aurrean, baina ez zela inor zauritu.
Biryuliovo barrutiko poliziaburu Guennadi Kaverin kargutik kendu dute gaur, igandean izandako istiluengatik. Istilu horietan 1.000-3.000 pertsonak hartu zuten parte, neska-laguna babestera irten zen Yegor Scherbakov 25 urteko gaztearen heriotzagatik protesta egiteko.
Hiltzailea bilatu eta bertako biztanleen arteko giroa baretzeko asmoz, poliziak 1.200 pertsona atxilotu zituen atzo jada itxita dagoen Biryuliovoko hornidura zentroan, etorkinen aurkako sarekada batean.
Bestalde, istiluak jazotako auzoaren ondoko Prázhskaya metro geltokitik gertu, hainbat atxiloketa egin ditu Poliziak, talde nazionalistek etorkinen aurkako manifestazioak deitu dituztela jakin ostean.