Mundua -

Etxe Zurian

Obama: 'Administrazioa ixteak beharrezkoa ez zen kaltea egin digu'

AEBetako presidentearen hitzetan, Administrazio federalaren itxiera partzialak herrialdearen susperraldi ekonomikoa eten du, eta ondorioz "ez dago irabazlerik".

Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Obamak errepublikanoei arduragabe jokatzea leporatu die

1:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazio federalaren itxiera partzialak herrialdearen susperraldi ekonomikoa eten duela salatu du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak. Administrazioa ixteak "beharrezkoa ez zen kaltea" egin duela erantsi du Obamak. Ondorioz, "irabazlerik ez" dagoela adierazi du.

Zorraren muga handitzeko Kongresuaren akordioa sinatu eta gero, Obamak adierazpenak egin ditu Etxe Zurian. Era berean, agentzia federalen funtzionamendua bermatzeko partidak baimendu ditu agintariak. Agentziak 16 egun itxita egon dira diru faltagatik.

"Ikuskizun" honek AEBen "sinesgarritasunari" kalte ikaragarria egin diola kritikatu du buruzagiak. "Asmatutako krisi" bat izan dela salatu du Obamak.

Agintariaren ahotan, AEB "ezinbesteko nazio bat da, eta inbertitzeko lekurik seguruena eta fidagarriena bezala ikusten du munduak".

Horregatik, krisi honek "gure etsaiei adorea eman die, gure lehiakideak harrotu eta gure lagunak kezkatzen ditu", gogorarazi du.

Tea Party

"Estatubatuarrak Washingtoneko politikaz nekatzea ez da harritzekoa", esan du presidenteak. Horrela, aipatu gabe, Tea Party talde kontserbadorearen jarrera kritikatu du Obamak.

Gastu politikak eta osasunaren erreforma aldatzeko "hauteskunde batzuk irabazi" behar direla gogorarazi du Obamak. Herrialdearen sortzaileak sortutako arauak ezin direla "hautsi" esan die errepublikanoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea