Mundua -
Gobernu eraketa Alemanian
Merkelekin negoziazioak hastea onartu dute SPDren batzarrean
Negoziazioak hilabete edo gehiago iraun dezake, eta, koalizio gobernua osatzeko akordioa lortuko balute, Alderdi Sozialdemokratak alderdikideen babesa beharko luke aurrera egiteko.
Erredakzioa
Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak batzarra egin du igande honetan, eta alderdikideek Angela Merkelen CDU alderdiarekin balizko koalizio gobernu bat negoziatzeko baimena eman diete alderdiko goi-kargudunei.
"229 delegatuk parte hartu dute bozketan, eta horietatik 31k kontra bozkatu dute eta 2k abstentziora jo dute", adierazi du Sigmar Gabriel SPDko presidenteak. Dena dela, akordiorik ez lortzea ez dute baztertzen.
Negoziazioak hilabete edo gehiago iraungo du, eta koalizio gobernua osatzeko akordio lortuko balute, Alderdi Sozialdemokratak alderdikideen babesa beharko luke aurrera egiteko. "Militanteek erabaki behar dute Gobernuan sartuko garen ala ez", gaineratu du Gabrielek.
Gabrielen esanetan, Gabonak heldu aurretik Gobernua osatzea da helburua, "baina ez dago ezer ziurrik".
Batzarrak Merkelen alderdiarekin negoziatzea babestu badu ere, alderdiko hainbat militante horren kontra agertu dira.
Merkelen alderdiak Alemaniako hauteskundeak irabazi zituen, botoen % 41,5 eskuratuta, eta gehiengo osotik hurbil gelditu zen. Azken legegintzaldian bazkide izan zuen Alderdi Liberala Parlamentutik kanpo gelditu zen, eta, ondorioz, bazkide berri baten bila hasi behar izan zuen. Berdeekin negoziatzea alboratuta, SPD alderdiarekin negoziatu beste aukerarik ez dute.
SPD alderdiak hainbat baldintza ezarri dizkio CDUri koalizio gobernu bat osatzeko, eta horietako bat gutxieneko soldata orduko 8,50 eurora igotzea da.