Mundua -
Madeleineren desagerpena
Portugaleko Poliziak berriz ireki du 'Madeleine auzia'
Ikertzaileek zantzu berriak dituzte. Scotland Yarden ustez, neskatoa bizirik egon liteke.
Erredakzioa
Portugaleko Poliziak baieztatu egin du zantzu berriak dituztela Madeleine McCann neskatoaren desagerpenaren auzian.
Pedro do Carmo herrialde horretako Poliziaren zuzendariordeak azaldu duenez, 2011. urteko martxoan osatutako taldeak auzia zabaltzea proposatu dio Fiskaltzari, eta Ministerio Publikoak onartu egin du.
Poliziaren ikerketa 2008. urteko uztailean bukatu zen ofizialki, frogarik ez zutelako. 2011an, baina, berriz abiatu zuten.
Madeleine McCann (hiru urte) 2007. urteko maiaztaren 3an desagertu zen, Algarven (Portugaleko hegoaldea), gurasoekin oporretan zegoela. Gau batean, McCann senar-emazteek seme-alabak hotelean lo egiten utzi, eta jatetxe batera joan ziren. Une horretan desagertu zen Madeleine.
Portugaleko Poliziak susmagarritzat jo zituen Gerry eta Kate McCann, baina Justiziak errugabetu egin zituen. Harrezkero, alaba bizirik dagoela aldarrikatu dute, eta auzia berriz irekitzeko borroka egin dute.
2011n, Scotland Yardek ere ikerketa talde bat sortu zuen, eta neskatoa bizirik egon litekeela ondorioztatu zuen.
Hilabete honetan, BBCk Madeleineren desagerpenari buruzko saio berezi bat eskaini du, eta, horren ondorioz, balizko lekukoen milaka dei jaso zituen.