Mundua -
Saudi Arabia
Emakumezko saudiarrak gidari, Gobernuari eta legeari aurre egiteko
Saudi Arabiako aktibistek gidatzeko eskubidearen alde egin dute gaur deitutako kanpainan. Horrelako manifestazioen aurrean, legea gogor ezarriko duela adierazi du Barne Ministerioak.
Erredakzioa
Emakumezko saudiar ugarik ibilgailuak gidatu dituzte gaur, debekatzen duen legeari eta agintarien presioari aurre eginez. Beste aktibista batzuk nahiago izan dute gaur deitutako kanpainan parte ez hartzea.
Mai al Sauiyan saudiarrak bideo bat igo zuen Youtube webgunera. Bertan, Riadeko hiribide garrantzitsu batean auto bat gidatzen agertzen zen, aurpegia ikusten uzten zuen belo batekin eta eguzkitako betaurrekoekin.
Sare sozialetan asko zabaldu da bideo hori, eta erreinu ultrakontserbadore horretan gidatzeko eskubidea erreklamatzeko baliatu dute Saudi Arabiako aktibistek.
Helburu horrekin deitu dute gaurko kanpaina, baina baliogabetua izan da, "Saudi Arabiako Barne Ministerioari errespetuz". Halaxe adierazi du emakume saudiarren eskubideen defendatzaile ezaguna den Nashla Haririk. Hala ere, emakumezko ugari irten dira kalera euren gidatzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Protestaren deialdia ageri zen webguneak pirata informatikoen erasoak jasan ditu. Gainera, agintariek azken egunetan mobilizazioa bertan behera uzteko ahalegin eta presio ugari egin dituzte.
Duela bi egun, Ameriketako Estatu Batuetan bizi Luyein al Hazlul aktibista saudiarra sorterrira itzuli zen kanpainarekin bat egiteko.
Youtuben ikusi daitekeen bideo batean, Luyein ageri da, Riadeko aireportutik familiaren etxera aitaren autoa gidatzen. Aitaren ahotsa ere entzun daiteke, emakumezkoen gidatzeko eskubidea defendatzen.
Al Ashraq egunkariak azaldu duenez, segurtasun indarrek Al Hazlulen aitari dokumentu bat sinarazi zioten, alabari ez ziola gidatzen utziko hitz emateko.
Lege islamikoaren interpretazio gogorra
Barne Ministerioak pasatu den ostegunean adierazi zuen legea gogor ezarriko zuela mota horretako manifestazioen aurrean. "Desadostasunari atea ireki eta zirikatzaileen, sudurluzeen eta kalte egiteko zain daudenen biziozko ametsei erantzuten die", azaldu du Ministerioak.
"Erreinuaren legeek egonkortasun soziala kaltetzen duen guztia" debekatzen dutela gogorarazi zuen Barne Ministerioak, eta agintariak arau-hausleekin gogorrak izango direla azpimarratu zuen.
Mansur al Turki Barne Segurtasuneko bozeramaileak aditzera eman duenez, Gobernuak aktibistekin hitz egin zuen, horrelako ekintzak debekatzen dituen legea aplikatzerakoan "duda-mudarik" ez zuela egingo jakinarazteko.
Al Turkiren ustez, horrelako ekintzak "ohikoak" dira segurtasun organoen "prebentzio" neurrien barnean, eta ez direla "mehatxuak".
Saudi Arabian lege islamiko edo shariaren interpretazio gogorra egiten dute. Leku publikoetan, sexuen arteko banaketa da nagusi. Emakumezkoek, esaterako, ezin dute gidatu, ezta herrialdetik at bidaiatu ere, familiako gizonezko batekin ez bada.