Mundua -

Hauteskunde legegileak

'Kirschnerismoa' garaile Argentinan, hiri garrantzitsuenetan izan ezik

FPV alderdiak botoen % 32,57 eskuratu ditu, baina galtzaile izan da giltzarri diren barrutietan, Buenos Aires probintzian esaterako.

Argentinako oposizioko jarraitzaileak Buenos Aireseko garaipena ospatzen. Argazkia: efe
Argentinako oposizioko jarraitzaileak Buenos Aireseko garaipena ospatzen.
Botoak galduta ere, gehiengoari eutsi dio Gobernuak

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Fernandezen alderdiak, FPVk, irabazi ditu hauteskunde legegileak Argentinan, baina kolpe gogorra jaso du; izan ere, porrota jaso du herrialdeko barruti garrantzitsuenetan eta egoera zailean geratzen da 2015eko presidentetzarako hauteskundeei begira.

Hauteskunde mahaien % 78ko botoak zenbatuta, FPVk boto-emaileen % 32,57ko babesa jaso du herrialde mailan diputatuak aukeratzeko, eta % 31,83koa senatariak aukeratzeko. Hori dela eta, bi ganbera horietan nagusitasuna izaten jarraituko du.

Hala eta guztiz ere, hirigune nagusietan galtzaile izan da, eta Buenos Airesen, Argentinako barruti garrantzitsuenean, kolpe gogorra jaso du. Han, Sergio Massak, Cristina Fernandezen kabineteburu ohi eta egungo oposizioko ordezkari nagusiak, botoen % 43 eskuratu ditu, primarioetan lortutako emaitza baino hobea. Martin Insaurralde ofizialismoaren hautagaiak % 32ko babesa jaso du.

Bere alderdiak Buenos Airesen lortu duen garaipenak bultzatuta, Mauricio Macri alkateak presidente izateko hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du, Propuesta Republicana (Pro) alderdiak antolatutako jaian.

30,5 milioi argentinar baino gehiago zeuden hauteskundeetan parte hartzera deituta, Diputatuen Ganberaren erdia eta Senatuaren herena berritzeko. Parte-hartzea % 78 ingurukoa izan da, eta ez da istilurik izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea