Mundua -
Programa nuklearra
Iranen eta 5+1 taldearen arteko negoziazioa akordiorik gabe amaitu da
Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak adierazi duenez, Genevako goi-bileran "aurrerapenak" egitea ahalbidetu du, baina oraindik "ekin beharreko kontuak" daude.
Erredakzioa
Akordiorik lortu gabe amaitu dira bart Iranen eta 5+1 taldearen (Estatu Batuak, Errusia, Txina, Frantzia eta Erresuma Batua gehi Alemania) arteko negoziazioak Genevan. "Oraindik ekin beharreko kontuak daude", adierazi du Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak.
"Hasieratik, Frantziak akordio bat nahi zuen Iranen programa nuklear garrantzitsuaren inguruan. Genevako goi-bilerak aurrerapenak egitea ahalbidetu du, baina ez diogu amaiera eman, oraindik kontu batzuk ekiteko baitaude", azaldu du Fabiusek.
Bileren osteko prentsaurrekoan, Catherine Ashtonek, Europako diplomaziaren buruak, oraindik "aldeak" daudela onartu du, eta azaroaren 20an Genevan biltzeko deia egin die Irani eta 5+1 taldeari.
Ashtonek zehaztu duenez, "aurrerapen zehatzak lortu dira, hiru egun luzez eztabaida bizi eta konstruktiboak izan ostean".
Europako diplomazia buruak eta Irango Atzerri ministro Mohamad Javad Zarifek ez dute bi alderdiak banandu dituen aldeen berri eman nahi izan. Irango ordezkariak adierazi du, ordea, alderdi guztiak "joku berdinean" daudela.
"Lanean jarraitu eta aurrera egin dezakegu"
Zentzu horretan, Zarifek azaldu du "bakoitzak bere ikuspuntua" daukala, "betiere prozesuari laguntzeko". "Guztiak batera lanean jarraitu eta, zortearekin, akordio batera iristea" nahi duela adierazi du Irango ministroak.
"Berriro bilduko gara, gogor egin dugu lan eta negoziazio eta eztabaida estuak izan ditugu", gehitu du Zarifek, eta bere helburua "akordio batera iristea" dela azpimarratu du.
"Naturala da eta espero nuen xehetasunetan sartzean ikuspuntu desberdinak egotea", errepikatu du Atzerri ministroak, Ashtonekin batera eskaini duen prentsaurrekoan. "Lanean jarraitu eta aurrera egin dezakegu", baieztatu du.