Mundua -
Hondamendi naturala
NBEk 225 milioi euro eskatu ditu 'Haiyan' tifoiaren biktimak artatzeko
Tifoiak 9,5 milioi kaltedun utzi ditu. Nazio Batuen lantaldeen arabera, airetik ikusita, tifoiak utzitako kalteak 2004an Indiako Ozeanoan tsunamiak egin zituen kalteen parekoak dira.
Erredakzioa
NBEko agentziek 225 milioi euro eskatu dituzte, Filipinetan 'Haiyan' tifoiaren kalteak jasan dituztenei laguntzeko. NBEko FAO Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, bestalde, 24 milioi dolar eskatu dizkio nazioarteari, nekazaritzan eta arrantzan izandako kalte larriei aurre egiteko.
Egoera kaotikoa da, erdialdeko probintzietan antolatzea oso zaila delako; izan ere, tifoiak txikitu egin ditu. Hildakoen kopuruak aldatzen jarraitzen du. Iturri ofizialek 2.000 biktima zenbatu dituzte, baina pertsona asko desagertuta daude. Ondorioz, azken balantzean milaka gehiago izango dira.
Filipinetako Caritasek adierazi duenez, 'Haiyan' tifoiak 9,5 milioi kaltedun utzi ditu herrialdean. Horietatik, hiru milioi baino gehiago tifoiak egindako ibilbidean 30 kilometroko erradio batean daude. Hondamendia izugarria da, eta kalte handienak jasan dituzten guneetan "ez dute urik, janaririk eta elektrizitaterik". Gobernuaren datuen arabera, 1.774 pertsona hil dira.
Nazio Batuen lantaldeek azaldu dutenaren arabera, tifoiak artxipelagoaren erdialdean 10.000 biktima baino gehiago utzi ditu. Gainera, airetik ikusita, tifoiak utzitako kalteak 2004an Indiako Ozeanoan tsunamiak egin zituen kalteen parekoak direla adierazi dute. Tacloban Cityn, adibidez, itsasoaren maila hamar metro igo zen.
Hondamendiak Kudeatu eta Murrizteko Kontseiluak zenbaketa egiten jarraitzen du; azken datuen arabera, 2.487 pertsona zauritu eta 82 desagertu dira.
Guztira, 10 milioi filipinarrek jasan dituzte 'Haiyan' tifoiaren ondorioak, eta horietatik 660.000 desplazatuak dira, Gobernuaren datuen arabera.
Tacloban hirian baliteke 10.000 herritar hil izana, eta egoera larria da eskualde bereko beste hainbat herritan ere, baina oraindik ez dute datu zehatzik, laguntza taldeak ez baitira herri guztietara iritsi.
Azken ortduetan, 'Haiyan' tifoiak Txina zeharkatu du eta, datu ofizialen arabera, 9 pertsona hil eta 13 desagertu dira bertan.
Atzerri eta Kooperazio Ministerioa 14 espainiar bilatzen ari da Filipinetan 'Haiyan' tifoiaren kalteak jasan dituen inguruan, Jose Manuel Garcia-Margallo ministroaren esanetan.
Benigno Aquino Filipinetako presidenteak hondamendi egoera deklaratu du Filipinetan, 'Haiyan' tifoiak eragindako kalteei aurre egiteko. Deklarazio horri esker, Filipinetako Gobernuak gehieneko prezioak ezarri ahalko dizkie premiazko gaiei, eta horiek kontrolatu ahalko ditu, herritarrek behar-beharrezkoenak (sendagaiak eta petrolioa, besteak beste) pilatu ez ditzaten.
Lehentasunak: edateko ura eta elikagaiak
Filipinetako Gobernuak azaldu duenez, hondakinak kentzeaz eta komunikazioak berrezartzeaz gain, hauek behar dituzte lehenbailehen: edateko ura, higiene-produktuak, elikagaiak, sendagaiak eta aldi baterako babeslekuak.
Emergentziazko talde filipinarrak etengabe ari dira lanean herrialdeko erdialdean kalte handienak jasan dituzten eskualdeetan, eta, hondamendia izan zenetik lau egun bete direnean, bizirik dauden pertsonen bila jarraitzen dute.
Lehen mailako gaien gabeziak desesperazio giroa areagotu du bizirik geratu direnen eta kaleetan jateko edo edateko ezer ez dutenen artean.
Mehatxu berria
Herrialde asiarreko meteorologia agentziak ohartarazi duenez, 'Zoraida' ekaitz tropikala Filipinetako hegoaldean dagoen Mindanao uhartera iritsi da gaur, orduko 55 kilometroko haize-boladekin.
Ekaitza ipar-mendebalderantz doa, orduko 30 kilometroko boladekin, eta bihar Panay uharteko Lloilo hirira ('Haiyan' tifoiaren eraginez kalte handiak jasan ditu) iristea uste dute.
Nazioarteko laguntza
Armadako hegazkinek eta helikopteroek bakarrik erabil dezakete oraingoz Taclobango aireportua, herritarrak ebakuatzeko eta oinarrizko produktuak sartzeko. Ondorioz, jendea gutxinaka ari da ateratzen uhartetik.
AEBetako eta Filipinetako hamar hegazkin militar iritsi dira bertara. Filipinetako Aire Indarrek 60.000 kilo hornigai eraman dituzte larunbatetik. Hala ere, eskaria oso handia da, eta hornigaiak ez dira gehien behar dituztenei iristen ari.
David Cameron lehen ministro britainiarrak Armadaren HMS Daring ontzia eta C-17 garraiorako hegazkina bidaliko dituela iragarri du.
Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak ere bi hegazkin bidali ditu gaur. Lehenengoak 15 tona gai eramango du. Gurutze Gorriak eta Accion Contra el Hambre elkarteak ere materiala bidaliko dute.
Bigarren hegazkinak Gurutze Gorriak eta Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak bidaliko dute. Besteak beste, egunean 70.000 pertsonari ura emateko 40 tona gai eramango du.
Hiritik auto piloa ateratzen ari dela eta, kamioiek bertan sartzeko zailtasunak dituzte, gainera.
Valerie Amos NBEko Laguntza Humanitarioaren zuzendariak nazioarteko laguntza eskatu du biktimak artatzeko eta txikituta geratu diren guneak berreraikitzeko. Horrela, astearte honetan, NBEk 301 milioi dolar (ia 225 milioi euro) eskatu ditu kaltedunei laguntzeko.
Hiru milioi euroko laguntza Europatik
Andris Pielbags Europako Garapenerako komisarioak iragarri du hondamendiaren kalteak jasan dituztenei laguntzeko beste hamar milioi euroko laguntza bat bideratuko dutela.
Laguntza berri hori asteburuan iragarritako hiru milioi euroko larrialdiko diru-laguntzari batu zaio.