Mundua -
Hondamendi naturala
Filipinetara laguntzak azkarrago bidaltzeko premiatu du NBEk
Filipinetako Gobernuak azaldu duenez, bertoko nekazaritzak eta arrantzak 68,2 milioi euroko kalteak izan dituzte. Gainera, desesperazioak arpilatzeak areagotu ditu.
Erredakzioa
"Haiyan" tifoiak Filipinetan utzi dituen milaka kaltedunei laguntzak azkarrago bidaltzeko eskatu die Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bertoko agintariei eta nazioarteko erakundeei.
Valerie Amos Nazio Batuen Giza Gaietarako idazkari nagusia Taclobaneko gunerik kaltetuenak bisitatu ditu eta, salatu duenaren arabera, hornigai gehienak Manilan gelditzen ari dira. Hala ere, NBEk ez dute uste Filipinetako agintariak errudunak direnik; izan ere, "oso egoera zailean lan handia egin dute", Martin Nesirky Idazkaritza Nagusiko bozeramailearen hitzetan.
Bestalde, Benigno Aquino Filipinetako lehen ministroak esan du Tacloban inguruko errepide gehienak garbitu dituztela eta mila soldaduk baino gehiago segurtasuna bermatzen ari direla.
Segurtasuna
Deseperazioak arpilatzeak areagotu ditu, eta herritar asko dendatan sartzen ari dira janari bila. Horrez gain, antolatutako banda asko ere etxekotresnak eta baliozko gauzak lapurtzen hasi dira.
Nancy Binai senatariak, hain zuzen ere, segurtasun falta salatu du, eta bortxaketa kasuek eta emakumeen eta umeen tratu txarrek gora egin dutela adierazi du, bertako hedabideek argitaratu dutenaren arabera.
Asteazken honetan bertan, gutxienez zortzi pertsona hil dira Leyte eskualdeko Alangalang hirian, milaka pertsona arroz bila biltegi batean indarrez sartu direnean horma bat gainera erorita.
2.300 hildako baino gehiago
Azken datu ofizialen arabera, dagoeneko 2.357 hildako utzi ditu "Haiyan" tifoiak Filipinetan. Horietatik, erdia baino gehiago kaltetuenetako bat den Leyteko lurraldean izan dira. Guztira, 8.000 kaltedun inguru daude.
Hondamendien Arriskua Kudeatzeko eta Murrizteko Kontseilu Nazionalaren arabera (NDRRMC), 1.785 hil dira Leyten eta 372 Samarren, bigarren lurralderik kaltetuenean.
Agentziaren azken txostenaren arabera, 3.853 pertsona zauritu eta 77 desagertu dira, eta, 43 eskualdetan, 8 milioi kaltedun daude.
Gainera, 534.000 pertsonak behin-behineko babeslekuetara eraman dituzte; izan ere, "Haiyanek" 237.000 etxebizitza txikitu ditu. Bestalde, Gobernuak azaldu duenez, bertoko nekazaritzak eta arrantzak 68,2 milioi euroko kalteak izan dituzte.
Hobiratzeak
Alfred Romualdez Taclobaneko alkateak ostegun honetan esan duenez, ez dituzte hirian dauden gorpu guztiak jaso. Kamioi gutxi izatea arazoetako bat dela salatu du. "Kamioi bera janaria banatzeko eta gorpuak biltzeko erabiltzea da", azaldu du. Bertoko hedabideek argitaratu dutenez, Romualdezek gorpuentzako 700 zorro eskatu ditu, baina ez dituzte bidali.
Bitartean, Tacloban hiriaren kanpoaldean 300 pertsonarentzako hobi komuna egin dute ostegun honetan. Gainera, John Lim hiriko administratzaileak esan du mila pertsonentzako bat prestatzen ari direla.
Horrez gain, bizirik atera direnek, baina etxerik ez dutenek bizi duten egoerak gaixotasunak azkar barreiatzea eragingo duela salatu dute agintariek eta hilabete honetan 12.000 haur jaioko diren gune batean oinarrizko osasun beharrak bermatzen ez direla ohartarazi dute.