Mundua -
Tifoia Filipinetan
Presidenteak Haiyan tifoiaren krisiari emandako erantzuna babestu du
Laguntza humanitarioa azkar ari da iristen Filipinetako kaltetuengana. Bien bitartean, erreskate-taldeek gorpu gehiago aurkitu dituzte hondakinen artean.
Erredakzioa
Benigno Aquino presidente filipinarrak Haiyan tifoiak –Yolanda izenez ere ezaguna- eragindako krisiari emandako erantzuna defendatu du gaur. Erreskate lanek aurrera jarraitzen dute, eta kaltetuak laguntza gehiago jasotzen ari dira.
Guiuan eta Tacloban hirietan izan da presidentea, tifoiak gehien kaltetu dituenak baitira. Bertan, hondamendiaren aurrean, tokiko gobernu gehienek emandako erantzuna txalotu du.
Ekialdeko Samar probintziako Guiuan hiriaren prestakuntza ona azpimarratu du Aquinok, horri esker jende gehiago hiltzea ekidin baita.
Ekaitzak astindu zuen lehen hiria izan zen Guiuan, eta datu ofizialen arabera, dituen 47.000 biztanleetatik, 99 pertsona hil dira tifoiaren ondorioz.
"Orain, gure helburua hildako kopurua murriztea da", adierazi du presidenteak. Bide batez, herri batzuk tifoiari aurre egiteko ez zeudela ongi prestatuta salatu du, eta ekaitza igaro ondoren ere, tokiko gobernu batzuk ez direla azkar mugitzen ari. "Jada jakin beharko lukete zer behar duten".
Aquinok jakinarazi du Leyte eta Samar probintzietan egongo dela, eskualde horiek euren kabuz aurrera egiteko gai izan arte.
Bestalde, Tacloban hiriko alkateak, Aldred Romualdezek, laguntza humanitarioa kaltetuengana azkar ari dela iristen onartu du, eta sektore pribatuko boluntario asko daudela hirian.
Hala eta guztiz ere, alkateak Poliziaren beharra duela zehaztu du zonaldean segurtasuna bermatzeko, eta garbiketa lanetan asko aurreratu duten arren, oraindik asko dagoela egiteko esan du.
Zonaldean lanean ari diren erreskate-taldeek hondakinen artean gorpuak aurkitzen dihardute. Askok denbora gutxi daramate hilda, beraz, oraindik jendea bizirik egon daitekeela uste dute.
NBEren Arazo Humanitarioen Koordinazio Bulegoaren azken datuen arabera, 13 milioi kaltetutatik, 375.000 pertsonak jaso dituzte elikagaiak, baina oraindik laguntza behar dute zonalde menditsuetara iristeko.
Filipinetako agintarien balantze ofizialak dioenez, 3.681 pertsona hil, 12.544 zauritu eta 1.186 desagertu dira.