Mundua -

Heriotza

Alec Reid apaiz iparrirlandarra hil da

Irlandako bake prozesuaren bultzatzaileetakoa izan zena gaur goizean zendu da Dublingo erietxe batean, BBCk jakitera eman duenez.

Alec reid
Alec reid
Alec Reid apaiza hil da

2:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alec Reic apaiz katolikoa Dublingo erietxe batean zendu da, gaur goizaldean, 82 urte zituela. Ipar Irlandako bake prozesuaren ikurretako bat izan zen, bitartekari lan oso garrantzitsua egin zuelako gatazkaren bi aldeen artean, Gobernu britainiarraren eta mugimendu errepublikanoaren artean. IRAren desarmearen lekukoetako bat izan zen, eta Euskal Herrian ere oso ezaguna da, hemengo bake prozesuari egin dion ekarpenenarengatik. Ipar Irlandako bake prozesua bideratuta, bere ezagutzak munduko beste gatazka batzuetara helarazi zituen Reidek. Euskal Herriko bake prozesuaren alde lan handia egin zuen: Euskal elizaren bitartekaritzari esker, ETAren 2006ko su etenaren ondotik abian jarritako bake prozesuan parte hartze zuzena izan zuen. Garai hartan, egonaldi luzeak egin zituen Euskal Herrian eta isileko bilera asko egin zituen erakunde eta alderdiekin. Bake prozesu hark gerora porrot egin bazuen ere, sukaldeko lan handia egin zuen Reidek.Erredentziotar ordenakoa zen, eta Belfast iparraldeko Clonard monasterioan igaro zituen bere bizitzako urterik gehienak, 40 urte baino gehiago. Bertatik jarraitu zuen protestanteen eta katolikoen arteko gatazka.

Tipperary (Irlanda) konderrian jaio zen, eta Irlandako bake prozesuan bere zeregina ezinbestekoa izan zen. Gerry Adams Sinn Feineko presidentearen eta John Hume SDLP alderdi laboristako  buruaren artean, bitartekaritza lan mamitsua egin zuen Reidek. Isilpeko negoziazio haien ondotik etorri ziren bake prozesuaren abiapuntu izan ziren urratsak: IRAren su-etena eta Britainia Handiko Gobernuarekin abian jarri zen negoziazio prozesua.  1998ko apirilean, Ostiral Santuko Akordioa izenpetuta, indarkeria betiko desagertzeko ahaleginean lan emankorra egin zuen apaiz katolikoak. 2005ean IRAren desarmearen lekukoetako bat izan zen, Harold Good apaiz protestantearekin batera.

Mundu osoan oso ezaguna izan zen irudi bat utzi du Alec Reidek, Ipar Irlandako gatazkaren irudietako bat izan zena: 1988an, Belfasten, IRAko hainbat kideren aldeko hiletetan bi soldadu britainiar tiroz hil zituzten, eta Reid apaiza, gorpuetako baten aldamenean, belauniko jarri zen, eta azken igurtzia eman zion.

alec reid soldado

alec reid soldado

 

Bake prozesuren aldeko lan eskerga

Martin McGuinnes Sinn Feineko kideak Reiden ibilbidea txalotu eta haren izaera "umila" goraipatu du. Bake prozesuari egindako ekarpena "izugarria" izan dela adierazi du McGuinnesek. Bestalde, Gerry Adamsek "tristura handia" sentitzen duela adierazi du, "bake prozesuaren ikurretako bat galdu dugulako". Clonard monasteriotik, "bake prozesuaren sehaskatik", Reidek egin zuen lan eskerga nabarmendu du. "Londresek eta Dublinek elkarrizketari uko egiten zioten garaietan, Reidek hitz egitearen aldeko apustu garbia egin zuen", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Irlanda Vatikanoko azken ordukoa