Mundua -
Alemania
Merkelek eta sozialdemokratek koalizioan gobernatzea adostu dute
Akordio honekin, ezkerra eta berdeak baino ez dira izango oposizioan.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren koalizio kontserbadoreak eta Alderdi Sozialdemokratak "koalizio handia" osatzea adostu dute, hurrengo lau urteetan gobernatzeko, herrialde horretako hedabideek jakinarazi dutenez.
Batasun Demokratiko-kristauak (CDU) -Merkelen alderdia-, Batasun Sozial-kristauak (CSU) eta Alderdi Sozialdemokratak (SPD) hilabete eman dute negoziatzen, irailaren amaieran Merkelek hauteskunde orokorrak aise irabazi eta gero. Hain zuzen ere, gehiengo osotik bost eserlekura geratu zen kantzilerra.
Orain, sozialdemokratek barne-kontsulta egingo dute, 470.000 afiliatuen artean, akordioari oniritzia emateko. Emaitzak abenduaren 14an ezagutaraziko dituzte, eta, SPDk jarraitzaileen babesa jasotzen badu, Merkelek hilabete horretako 17an egingo du karguaren zina. Parlamentuan, 631 diputatuetako 504k babestuko dute izendapena.
Akordioa 170 orrialdekoa da, eta milaka milioi euroko konpromisoak jasotzen ditu. Negoziazioan, sozialdemokratek euren bi aldarrikapen handienetakoak lortu dituzte: herrialdean gutxieneko soldata bat ezartzea (8,5 eurokoa orduko izango da) eta nazionalitate bikoitza onartzea.
CSUk ere aldarrikapen bat lortu du: atzerriko ibilgailuek bidesaria ordaindu behar izatea Alemaniako autobideetan, betiere Europako legediak baimentzen badu.
Akordio honekin, Merkelek bigarrenez gobernatuko du koalizio handi batekin. Aurrenekoa lehen agintaldian izan zen (2005-2009). Azken legegintzaldian, kantzilerra liberalekin (FDP) batera izan da agintean, baina, hauteskundeetan, alderdi horrek ez du Parlamentuan sartzeko adina boto lortu.
Oposizioan ezkerra (64 eserleku) eta berdeak (63) baino ez dira izango.