Mundua -
Erreferenduma Kroazian
Ezkontza homosexualak debekatu ala ez bozkatuko dute gaur Kroazian
"Konstituzioan ezkontza gizonaren eta emakumearen arteko lotura dela zehaztearen alde al zaude?" izango da kroaziarrek erantzun beharko duten galdera.
Erredakzioa
3,8 milioi inguru kroaziarrek galdeketa batean parte hartuko dute gaur, konstituzio erreforma baten bidez, ezkontza gizonaren eta emakumearen arteko lotura dela zehaztu ala ez erabakitzeko. Baiezkoa nagusituz gero, homosexualei ezkontzeko aukera ukatuko litzaieke.
'Familiaren izenean' asoziazio katolikoak 740.000 sinadura bildu ditu gaurko kontsulta egin ahal izateko. Homosexualen elkarteek eta Kroaziako Gobernu sozialdemokratak galdeketa "diskriminatzailea" dela salatu dute.
"Konstituzioan ezkontza gizonaren eta emakumearen arteko lotura dela zehaztearen alde al zaude?", izango da erantzun beharreko galdera.
Inkesta baten arabera, hautesleen % 59 ekimenaren alde agertuko dira, eta % 31, aldiz, aurka.
Oposizioko alderdi nagusiak, Kroaziako Batasun Demokratak, baiezkoaren aldeko botoa eskatu du. Bien bitartean, homosexualen elkarteek galdeketaren helburua bazterketa konstituzionalki onartzea dela salatu dute.
Gobernuak kontsulta "homofoboa" dela adierazi du. Gainera, lege proiektu bat aurkeztu du, gutxiengoen eskubideak kaltetu ditzaketen lege erreformak galdeketa bidez onartzea ekiditeko. Izan ere, egungo legediarekin, gehiengo sinplearekin nahikoa da Konstituzioan aldaketak sartzeko.