Mundua -

Mandelaren heriotza

Erlijio ezberdinetako sinestunek Mandelaren alde otoitz egin dute

Otoitzerako eta Gogoetarako Egun Nazionala deituta zegoen igandean Hegoafrikan, Nelson Mandela presidente ohi zendu berriaren omenez.

Mandelaren aldeko elizkizun handiena egin dute Johannesburgon

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegoafrikako erlijio ezberdinetako sinestunek bat egin dute igande honetan, eta ezberdintasunak alboratu eta guztiek ere Nelson Mandela presidente ohiaren alde otoitz egin dute.

Otoitzerako eta Gogoetarako Egun Nazionala deitua zuten iganderako, eta herrialde guztian ekitaldi erlijiosoak antolatu zituzten, Hegoafrikako presidente izandakoaren omenez. Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak ekitaldi erlijioso horietako batean parte hartu du, eta Madibaren heriotza aurrekaririk gabeko galera izan dela adierazi du.

Milioika hegoafrikarrek egin bezala, Zuma presidenteak ere ekitaldi erlijioso batean parte hartu du; hain zuzen ere, Johannesburgeko eliza metodista batera joan da.

Zumaren esanetan, errezoek Madibaren heriotza gainditzen lagunduko die hegoafrikarrei.

"Mandelak adiskidetzea predikatu eta praktikatu zuen apartheid erregimen faxista bertan behera geratu ostean", adierazi du Zumak. "Mandela gauza onengatik nabarmendu zen, gauza onengatik bakarrik", gaineratu du.

Aipaturiko ekitaldi horretan Winnie Madikizela-Mandela Madibaren emazte ohiak ere hartu du parte.

Elizak, sinagogak, meskitak edota tenpluak jendez bete dira otoitz egiteko eta apartheidaren kontrako borrokaren ikurrari gorazarre egiteko.

Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak herritar guztiei dei egin zien atzo, agiri baten bidez, Otoitzerako Egunean parte hartzera. "Madibak bere bizitzan lortutakoak gogoratu behar ditugu. Doluan gauden bitartean, ozen abestu behar dugu, eta baita dantza egin ere, Mandela borrokalari sutsuaren bizitza gogoratzeko eta ospatzeko. Askatasunera eta gizarte berri batera eraman zuen gure herria", esan zuen Zumak.

"Zoriontsu gaudenean abesten dugu hegoafrikarrok, baina triste gaudenean ere abesten dugu, hobeto sentitzeko. Beraz, egin diezaiogun gorazarre Madibari guk ondoen dakigun bezala; kanta dezagun beragatik", gaineratu zuen.

Estatu hileta

Hala, otoitzerako deitutako egun honekin, ekitaldi sorta luze bati emango diote hasiera. Abenduaren 15ean egingo da hileta ofiziala Qunun, eta ordura bitarte, herrialde osoan omenaldiak daude antolatuta egunero. Jada, hasi dira hileta ofiziala prestatzen. Mundu osoko agintariak hartuko ditu Hegoafrikak, Mandelaren azken agurrean, tartean, Barack Obama AEBko presidentea.

Frantzisko aita santuaren izenean, Peter Kodwo Appiah Turkson kardinalak parte hartuko du estatu hiletan.

Arraza bereizkeriaren (Hegoafrikan apartheid izenez ezaguna) kontra agertu zen beti Mandela, eta borroka horrek kartzelara eraman zuen. 27 urtez egon zen espetxean. Ostegun iluntzean zendu zen Johannesburgen, bere etxean, 95 urte zituela. Ordutik, herritar asko eta asko joan dira Madibaren etxera erromes.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea