Mundua -
Udal-hauteskundeak Venezuelan
Alkateak aukeratzeko udal hauteskundeak egin dituzte Venezuelan
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak "lasaitasuna" eskatu du gaurko udal-hauteskundeetarako.
Erredakzioa
Atzo hauteskunde eguna zuten Venezuelan eta normaltasuna izan zen nagusi egun osoan zehar, Vladimir Padrino segurtasun operatiboko buruak azaldu duenez.
"Oraingoz sei delitu atzeman ditugu herrialde osoan, batik bat, identitatea usurpatzearekin loturikoak. Halaber, botoa eman ostean egiaztagiria jan du baten batek", adierazi du Padrinok. Bestalde, arazo elektrikoak izan dituzte zenbait hauteslekutan.
Errepublika plana abian jarri dute Venezuelan, hauteskunde egunetan beti egin ohi duten bezala. Ez da gertakari aipagarririk izan, ordea, Padrinoren arabera.
19 milioi venezuelar inguru bozkatzera deituak zeuden atzoko udal-hauteskundeetan, Venezuelako herri guztietan 337 alkate eta 2.500 zinegotzi aukeratzeko.
06:00etan ireki dituzte hauteslekuak (10:30 GMT) eta 18:00etan itxi dituzte (22:30 GMT).
Aurreikuspenen arabera, Venezuelako Hauteskunde Kontseiluak gauean iragarriko ditu hauteskundeetako emaitzak.
Indarkeriaren aurka, tolerantziarik ez
Tibisay Lucena Venezuelako Hauteskunde Batzordeko (CNE) presidenteak esan du ez dituztela indarkeria ekintzak egiten saiatuko diren "gutxiengo txiki eroak" onartuko, eta horiei aurre egiteko, "neurri guztiak" hartu dituztela adierazi du.
"Hauteskundeak indarkeria erabiltzeko aitzakia gisa erabilita, herrialdearen bakearen eta demokraziaren aurkako erasoak egiten dituztenekin tolerantziarik ez dugu izango", azaldu du Lucenak.
"Legeak onartzen dituen neurri guztiak" hartu dituztela gehitu du batzordeburuak, "gutxiengo txiki eroen lasaitasuna eta bakea hausteko saiakerak ekiditeko".
Venezuelan izandako azken hauteskundeetan –2013ko apirilaren 14ko presidentetzarako hauteskundeak-, protesta gogorrak izan ziren, eta, Gobernuaren datuen arabera, gutxienez hamaika pertsona hil ziren.
Madurok "ohorea" izateko eskatu die galtzaileei
Bestalde, Venezuelako presidenteak, Nicolas Madurok, hauteskundeak galtzen dituzten hautagaiei "ohorea" izateko eta hauteskunde batzordeak iragartzen dituen emaitzak onartzeko eskatu die.
"Lasaitasunerako deia egiten dut, bakerako deia, aurkariekiko garaile onak izateko deia. Eta jendearen botoek mesederik egiten ez dietenei, ohorea izateko eta borrokatzen jarraitzeko deia egiten diet", adierazi du presidenteak.