Mundua -
Erasoa Indian
Bost polizia atxilotuta Indian, neska bat bortxatzeagatik
17 urteko neskak salatu duenez, eskolara bidean harrapatzen zuten, furgonetara igoarazi eta han bortxatzen zuten, taldean. Antza, behin baino gehiagotan, hainbat astez, egin zioten gauza bera.
Erredakzioan
Bost polizia atxilotu dituzte bart India iparraldean, Chandigarh hirian, 17 urteko neska bat behin eta berriz bortxatzea egotzita. Ashish Kapoor Indiako polizia komisarioak jakinarazi duenez, "duela bi hilabete gertatu ziren bortxaketak. 17 urteko neskatoa hainbatetan bortxatu zuten bost agentek".
Erasoak jasan dituen neskak salatu duenez, eskolara bidean harrapatzen zuten, furgonetara igoarazi eta han bortxatzen zuten, taldean. Neska bere buruaz beste egiten saiatu denean jakin dute etxekoek gertatu zena, NDTV telebista kateak zabaldu duenez.
Zalaparta handia sortu du berriak Chandigarhen. Jende asko atera da kalera, gertatutakoa salatzera. Atxilotutako bost poliziak erietxera eraman dituzte, hainbat azterketa egitera, eta ospitale atarian manifestariek oihuka eta kolpeka hartu dituzte.
Joan den astelehenean, abenduaren 16an, bete zen urtebete New Delhi hiriburuan hainbat gaztek neska bat bortxatu eta hil zutenetik. Mundu osoan egin ziren protestak gertakari hura salatzeko. Indiako Gobernuak sexu erasoei aurre egiteko legeak zorroztu zituen, baina, halere, egunero gertatzen dira bortxaketak Indian.