Mundua -

Lege aldaketa

Seme-alaba bakarraren politika malgutzea erabaki du Txinak

Txinako Asanblada Nazionalak onartu du aldaketa, eta maoismoak sortutako lanaren bitartez hezteko esparruak ere bertan behera uztea erabaki du.

Seme-alaba bakarraren politika 70. hamarkada amaieran jarri zen abian gainpopulazioa gelditzeko. EFE
Seme-alaba bakarraren politika 70. hamarkada amaieran jarri zen abian gainpopulazioa gelditzeko. EFE
Seme-alaba bakarraren politika 70. hamarkada amaieran jarri zen abian gainpopulazioa gelditzeko. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako organu legegile nagusiak, Asanblada Nazionalak, seme-alaba bakarraren politika arintzea erabaki du gaur, bikote askori ondorengo gehiago izateko aukera emanez.

Lege aldaketa horri esker, gurasoetako bat seme-alaba bakarra bada, bigarren haur bat izateko aukera izango du bikoteak. Orain arte, biek seme-alaba bakarrak izan behar zuten bigarren ume bat eduki ahal izateko.

Txinako osasun eta planifikazio zerbitzuen ustez, erreforma horrekin, urtero bi milioi haur gehiago jaioko dira; guztira, bederatzi milioi jaiotza urtean.

Seme-alaba bakarraren politika 70eko hamarkada amaieran, 80ko hamarkada hasieran jarri zen abian, gainpopulazioa gelditzeko asmoz. Azken urteetan, ordea, aditu eta legegile txinatarrek politika malgutzearen aldeko apostua egin dute, horrek eragindako arazoak ekiditeko -biztanleriaren zahartzea eta zonalde industrialetan langile gutxi izatea, besteak beste-.

Erregimen komunistaren ustez, seme-alaba bakarraren politikarik gabe, Txinak gainpopulazio arazo gehiago izango lituzke, eta egun dituen 1.300 milioi biztanleen ordez, 1.700 milioi izango lituzke. Dena dela, herrialdean efektu negatiboak izan ditu, besteak beste, aipatutako biztanleriaren zahartzea, abortu selektiboak edo nekazal-inguruetan neskatilak baztertzea.

Zigor sistemen indargabetzea

Lanaren bitartez hezteko esparruak edo laojiaoak indargabetzea ere erabaki du gaur Txinako Asanblada Nazionalak. Maoismoak sortutako zigor sistema da, eta urte luzez giza eskubideen aldeko erakundeen kritikak jaso ditu.

Asanbladaren arabera, esparru horietan zigortuta daudenak aske geldituko dira epaia aplikatzen denean, baina abolizioa baino lehen ezarritako zigorrak "baliozkoak" direla adierazi du.

Mao Zedongen erregimen komunistak sortu zituen esparruak 1955ean, hainbat intelektual eta 1989an Tiananmeneko protestetan parte hartu zuten ikasleak zigortzeko.

Azken urteetan, zentro horietara 300.000 pertsona eraman dituztela uste da. Horietako askoren kokalekua sekretua da, eta giza eskubideen aldeko GKEen aburuz, Txinak 1998an sinatu zuen Eskubide Politiko eta Zibilen Nazioarteko Ituna urratzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Gurasoak albisteak