Mundua -

Iraken hildako kamelaria

Couso auzian AEBen kolaborazio falta salatu du Auzitegi Nazionalak

Pedraz epaileak, halaber, baztertu egin du AEBetako agintariak estalketagatik inputatzea, horretarako eskumenik ez duela argudiatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Couso kameralariaren heriotzaren inguruko auzian AEBen kolaborazio falta salatu du Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Espainiako Gobernuaren aurrean. Halaber, Estatu Batuek aldebiko estradizio tratatua bete ez izana ere salatu du epaileak, Justizia Ministerioari helarazitako idatzi batean.

Pedrazek bertan azpimarratu duenez, AEBetako agintariek ez dute bete behin baino gehiagotan egindako eskari judiziala, eta ez diete auzipetuei ''prozesamenduaren berririk eman''.

Guztira, hiru militar daude auzipetuta (bilatzeko eta atxilotzeko aginduarekin), Jose Cousoren heriotza eragin zuen tiroa ustez agindu, baimendu eta egitea egotzita.

AEBetako agintariak estalketagatik inputatzea baztertu du

Bere idatzian, epaileak baztertu egin du ustezko estaltze delitu batengatik AEBetako agintariak ikertzeko eskaera, salaketa horrek Auzitegi Nazionalaren eskumenekin bat ez datorrela argudiatuta.

Ildo horretan, estradizio hitzarmenaren nondik norakoak  berrikustea Gobernuaren eskumena dela gogoratu du, eta, horregatik igorri dio idatzi Justizia Ministerioari.

Irakeko gerran hil zuten Couso, 2003ko apirilaren 8an, Bagdadeko Palestina hotelean irudiak grabatzen ari zela erasoa jasan ondoren. Gerraren berri ematen ari ziren kazetariak zauden hotel horretan, eta beste bi lagun ere hil zituzten bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Ameriketako Estatu Batuak albisteak Justizia Unibertsala albisteak Espainia bideoak