Mundua -
Thailandian
Salbuespen-egoera Bangkoken, Gobernuaren aurkako protestengatik
Gutxienez bederatzi lagun hil eta 500 baino gehiago zauritu dira azarotik, manifestariak Gobernuaren egoitzak okupatzen hasi zirenetik.
Erredakzioa
Salbuespen-egoera ezarri du Thailandiako behin-behineko Gobernuak Bangkoken, astearte honetan, Gobernuaren aurkako protestekin lotutako indarkeria areagotzen ari baita, bertako hedabideek jakinarazi dutenez. Gutxienez bederatzi lagun hil eta 500 baino gehiago zauritu dira azarotik, manifestariak Gobernuaren egoitzak okupatzen hasi zirenetik.
Azken orduetan, Poliziak emakume bat atxilotu du, Bangkok erdialdean dagoen Garaipenaren Monumentuaren ondoan jazo den tiroketa batekin zerikusia izatea egotzita. Tiroketan ez da inor zauritu.
Armadaren bozeramaile batek esan du armak eta lehergaiak eramaten ari direla Bangkokera, eta horrek hirian indarkeria berpiztea eragin lezakeela nabarmendu du, Bangkok Post egunkarian jaso dutenez. Alkandora gorrien mugimenduaren liderretako baten arabera, mugimendu horretako kideek ez dute zerikusirik izan azken erasoekin, eta eraso horien bidez estatu-kolpe militarra eragin nahi dutela gaineratu du. Mugimendu horretako kideek gaur egun gobernatzen ari direnei ematen diete botoa.
Suthep Thaugsuban, protestetako liderra, bigarren egunez Lumpini parketik abiatu eta Bangkok hiriburuko finantza gunea zeharkatu zuen ibilaldian buru ibili zen.
2006tik, Thailandia krisi politiko sakon batean dago murgilduta. Thaksin Shinawatraren aldekoek eta aurkakoek manifestazioak egiten dituzte urtero, edo bi urtean behin, eta ehunka herritar hil eta galera ekonomiko handiak izan dira protesta horien ondorioz.