Mundua -
Ruby auzia
Berlusconi berriz ere jomugan, testigantza faltsuak emateagatik
Milango Fiskaltzak ikerketa abiatu du Italiako lehen ministro ohiaren aurka, Ruby auzian deklaratu zuenean gezurra esatea leporatuta.
Erredakzioa
Milango Fiskaltzak ikerketa abiatu du Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiaren eta beste 44 pertsonaren aurka, Ruby auzian testigantza faltsuak ematea egotzita.
Ruby auziaren bi ataletako epaiketak egin zituzten epaileek eskatuta abiatu du ikerketa Ministerio Publikoak. Auzi horretan, Justiziak 7 urteko espetxe zigorra ezarri zion Berlusconiri, eta kargu publikoan aritzea debekatu zion, betiko, aginteaz abusatzea eta adingabeak prostituziora bultzatzea egotzita.
Lekuko gisa deklaratu zuten emakume gazteei Berlusconik dirua eman ziela iradoki zuten epaileek epaietan, gertatutakoaren inguruko bertsioa alda zezaten. Gazte horiek Fiskaltzak ikertutakoen artean daude orain.
Fiskalak jomugan duen beste pertsona bat Karima El Marough, Ruby, da, hau da, adingabe izanda Silvio Berlusconirekin sexu- harreman ordainduak izan zituen emakumea.