Mundua -

Mediaset auzia

Berlusconi Italiako Senatutik kanporatu dute

Senatari batzuek bederatzi proposamen aurkeztu dituzte Berlusconiri 'Severino legea' ez aplikatzea eskatzeko, baina Ganberak guztiak atzera bota ditu.

Berlusconiren jarraitzaileek lehen ministro ohiaren etxearen aurrean elkarretaratzea egin dute. EFE
Berlusconiren jarraitzaileek lehen ministro ohiaren etxearen aurrean elkarretaratzea egin dute. EFE
Silvio Berlusconi Italiako Senatutik bota dute

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Silvio Berlusconi lehen ministro ohiari eserlekua kentzea erabaki du gaur Italiako Senatuak. Italiako Auzitegi Gorenak Berlusconiri lau urteko espetxe-zigorra ezarri zion abuztuaren 1ean Mediaset auzia dela eta. Iruzur fiskala egotzita epaitu zuten.

Senatari batzuek bederatzi proposamen aurkeztu dituzte Berlusconiri 'Severino legea' ez aplikatzea eskatzeko, baina Ganberak guztiak atzera bota ditu. Bi urte baino gehiagoko kartzela-zigorra dutenak Parlamentutik kanporatzeko agindua ematen du Mario Montiren Gobernuak martxan jarritako arauak.

'Severino legea' bertan behera uzteko proposamenen bederatzi bozketak prozedura telematikoarekin egin dituzte (senatari bakoitzaren iritzia ezagutzeko). Bozketa guztiek antzeko emaitza izan dute: kontrako 194 boto, aldeko 114 eta 2 abstentzio.

Berlusconiri eserlekua kentzea Enrico Letta lehen ministroaren Alderdi Demokratak (PD), Beppe Grillo komikoaren 5 Izarren Mugimenduak (M5S) eta Mario Montiren Eleccion Civica taldeak babestu dute, besteak beste.

Berlusconiren Forza Italiak, Liga Nortek eta lehen ministro ohiaren alderdi zaharreko kideek (Zentro eskuin berria), ostera, kontrako botoa eman dute. Azken horiek Angelino Alfanoren eskutik Berlusconiren alderdiaren zatiketa ekarri zuten.

Errugabea dela errepikatu du Berlusconik. Lehen ministro ohiaren hitzetan, Senatutik botatzea "Estatu kolpea" da, 'Severino legea' atzeraeginezko ondorioekin aplikatu baitute. Horregatik, senatariei bozketa atzeratzeko eskatu zien politikariak, Europako Justiziak auzia ebatzi bitartean. Gainera, Italian auzia berriz zabaldu daitekeela gogorarazi du Berlusconik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea