Mundua -
Txina
Lau urteko zigorra, gardentasunaren aldeko mugimenduko buruarentzat
Xu Zhiyong, Hiritar Berria mugimenduaren sortzailea, uztailean atxilotu zuten. Giza eskubideen aldeko elkarteek "epaiketa politiko" deituetan gertatutako ilegaltasunak salatu dituzte.
Erredakzioa
Pekingo auzitegi batek lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Xu Zhiyong Hiritar Berria mugimenduaren sortzaileari, "ordena publikoa aztoratzeko jendea biltzeagatik". Mugimendu horrek Gobernuari gardentasuna eskatzen dio.
Pekingo 1 zenbakidun Auzitegiak iragarri du epaia, asteazkeneko epaiketaren ostean. Orduan, Xu isilik egon zen, epaiketaren baldintzak salatzeko protesta gisa. Izan ere, poliziak kontrolatuta, ateak itxita izan zen epaiketa, eta akusatuak eskatutako lekukoei ez zieten sartzen utzi.
Xu aktibistaren aurkako epaiketa azken urteetan Txinan disidenteen aurka egindako prozesurik garrantzitsuenetakoa da. Gobernu txinatarraren bi aurpegiak agerian uzten ditu: batetik, "maila guztietan" ustelkeriaren aurkako kanpaina bat jarri du martxan; bestetik, ordea, herri mugimendu horretako dozenaka kide atxilotu ditu, ustelkeriari aurre egiteko, gardentasuna eskatzeagatik.
"Honek lege-sistema txinatarrari gelditzen zitzaion duintasun apurra suntsitu du", adierazi du Xuk epaia entzutean, eta epaileei esan die: "Zuen erantzukizuna legeari men egitea al da?".
Prentsak ezin izan du epaitegira gerturatu, ezta inguruetan askatasunez lanik egin ere. Zonalde guztia sokaz hesituta dago, eta herritarrez jantzitako poliziek informatzaileak gelditzen dituzte.
40 urteko abokatua da Xu, eta Pekingo Telekomunikazioen Unibertsitateko irakaslea da. 2013ko uztailean atxilotu zuten formalki, etxean atxilotuta izan ostean.
Aktibista txinatarra erregimen komunistaren lege-aditu garrantzitsuenetakoa izan zen, 2012an Hiritar Berria mugimendua sortu zuen arte. Horrek Gobernu txinatarrari gardentasun gehiago eskatzen dio, baita Konstituzioa aplikatzeko ere.
Xuz gain, mugimendu bereko beste bi aktibista epaitu dituzte. Beste akusatu bat, mugimenduaren sortzaileetako bat, Wang Gongquan milioiduna, aske utzi dute fidantzapean. Erruduna zela aitortu ostean, Xurekin zituen lotura guztiak apurtuko zituela zin egin zuen, Pekingo 1 zenbakidun Auzitegiaren arabera.
Giza eskubideen aldeko zenbait erakundek, Human Rights Watch (HRW) elkarteak, esaterako, Xi Jinping presidentearen tolerantzia falta salatu dute, baita prozesu horietan, "epaiketa politikoak" deituak, izan diren ilegaltasunak ere.
Xuk mugimendua sortu zuenean esan zuen moduan, Hiritar Berriak "ez du boterea irabaztea nahi, mugatzea baizik". Horrela, Txinako Konstituzioa eta legedian babestutako hiritarren eskubideak betetzea eskatzen dute.