Mundua -
Bisita ofiziala
Aita Santua eta Obama lehen aldiz bilduko dira bihar Vatikanoan
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bigarren aldiz bisitatuko du Vatikanoa, Europan zehar egingo duen bidaia ofizialaren baitan. Herbehereetan eta Belgikan ere izango da Obama.
Barack Obama AEBko presidentea Frantzisko aita santuarekin bilduko da bihar, Europan egingo duen bidaia ofizialaren baitan. Presidentearen bigarren bisita izango da Vatikanora.
Etxe Zuriaren arabera, Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eta Aita Santua pobreziari eta ezberdintasunei buruz arituko dira.
AEBko presidente bat 2009ko uztailaren 10ean izan zen azken aldiz Vatikanoan, duela lau urte eta zortzi hilabete, Benedikto XVI.arekin biltzeko. 'Caritas in veritate' eta 'Dignitas personae' entziklikak oparitu zizkion orduan Aita Santuak.
95 urte igaro dira presidente estatubatuar batek Vatikanoa lehen aldiz zapaldu zuenetik. Ordutik, AEBko 12 presidentek bisitatu dute Vatikanoa, bertan agintean sei aita santu izan diren epean.
Hori dela eta, segurtasun neurri handiak daude egunotan Erroman Barack Obama hartzeko. Gaur helduko da Italiako hiriburura, eta hiriaren egunerokoa aztoratuko du.
Obama gaur gauean helduko da Ciampino Erromako aireportura, eta ostiral goizean joango da Italiako hiriburutik. Bertan den egunetan, 26 ibilgailu blindatuk eta sei motorrek lagunduko dute. Ameriketako Estatu Batuetako liderraren joan-etorriak direla eta, kale batzuk itxi eta zirkulazioa etengo dute tarte batzuetan.
Gaur gauean eta ostegun goizaldeko lehen orduetan, eta ostiral goizean, Obama presidentearen hegazkina, Air Force One, lurreratu eta aireratu bitartean, Erromako aire espazioa itxita egongo da, Erromako hedabideek jakinarazi dutenez.