Mundua -
4. astea arrastorik gabe
Malaysiako hegazkinarena izan litezkeen seinaleak atzeman dituzte
Areagotu egin dute hegazkinaren bilaketa, kutxa beltzen bateriak edozein momentutan agortuko direla uste baitute.
Erredakzioa
Australiako 'Ocean Shield' ontziak 37,5 kHz frekuentziako seinale bat atzeman du Indiako Ozeanoan eta baliteke martxoaren 8an galdu zen Malaysiako hegazkinaren kutxa beltzaren seinalea izatea, Australiako agintarien arabera. Gune berean Txinako ontzi batek 37,5 kHzko beste seinale bat antzeman du.
Txinako 'Haixun 01' ontziak birritan antzeman ditu seinaleak, ostiralean eta larunbatean. Aipaturiko ontzia Australiako kostaldetik 1.000 kilometro mendebaldera eta Java Indonesiako uharteko kostaldetik 2.000 kilometrora dago.
'Ocean Shield' ontziak beste seinale bat atzeman du Txinako ontzia dagoen tokitik 300 miliara. Australiako agintariek azaldu dutenez "gertaera akustikoa" ikertuko dute eta ondoren 'Haixun 01' ontzia dagoen tokira mugituko da ontzia.
Ontzi australiarra tokira iristen den bitartean, Australiak beste ontzi bat bidaliko du 'Haixun 01' dagoen tokira bilaketa lanak indartzeko. Halaber, Australiak hegazkinak ere bidaliko ditu aipaturiko tokira.
Txinako 'Haixun 01' ontziak 37,5 kHz frekuentziako seinale bat atzeman zuen larunbatean, eta litekeena da martxoaren 8an galdu zen Malaysiako hegazkinaren kutxa beltzaren seinalea izatea, Txinako Xinhua albiste agentziak zabaldu duenez. Itsasontzia Indiako ozeanoan lanean ari den bilaketa taldeko kide da.
Dena dela, Xinhua agentziako informazioaren arabera, oraindik baieztatzeko dago jasotako seinalea MH370 hegazkinekoa den.
Txinako Alderdi Komunistaren egunkariak argitaratu duenez, itsasontzi txinatarrak jasotako seinalea galdutako Boeing hegazkina ekoitzi zuen enpresak zabaldutako seinalea bezalakoa da.
Erreskate taldeek areagotu egin dituzte bilaketa lanak Indiako Ozeanoan, izan ere, lau aste bete dira Malaysia Airlineseko hegazkina galdu zenetik, eta kutxa beltzeko bateriak agortzear egon behar dute.