Mundua -
Errusian erbesteratua 2013tik
Snowden Errusiako telebistan agertu da Putini galdera bat egiteko
Errusiako zerbitzu sekretuek herritarren arteko komunikazioetan entzuteak egiten ote dituzten galdetu dio CIAko analista ohiak presidente errusiarrari.
Erredakzioa
Edward Snowden CIAko analista ohia Errusiako telebistan agertu da gaur, osteguna, Vladimir Putin presidente errusiarrari galdera bat egiteko, zerbitzu sekretuen eta herritarren arteko komunikazioen entzuteen inguruan.
Snowdenek (2013ko abuztuaren 1etik erbesteratuta dago Errusian) bideokonferentzia baten bidez egin dio galdera Kremlineko buruari. Errusiako zerbitzu sekretuek entzuteak egiten ote dituzten galdetu dio CIAko analista ohiak eta jarduera horiek justifikatzeko terrorismoaren kontrako borroka eta bestelako mehatxuak erabiltzen dituzten.
"Zu agente ohia zara. Nik ere harremana izan nuen zerbitzu sekretuekin. Profesionalen hizkera erabil dezagun", esan dio Putinek. Edonola ere, presidenteak ukatu egin du Errusian halakorik egiten denik.
Putin telebistan
Vladimir Putin Errusiako presidenteak "krimen larri"tzat jo du Kieveko Gobernuak Errusiaren aldekoen kontra indar militarrarekin erantzun izana. Kieveko agintariek "Ukrainako Estatuan zerbait gaizki doala onartu beharrean, eta hori konpontzeko elkarrizketaren alde egin beharrean, herritarren aurka indarrarekin erantzuteko mehatxua areagotu dute", adierazi du.
Kieveko enfrentamenduen atzean (hiru lagun hil dira kuartel baten aurako erasoaldiaren ondorioz) Mosku dagoela pentsatzea "ergelkeria" dela nabarmendu du eta, gatazkari aterabidea aurkitzeko, garrantzitsutzat jo du gaur Genevan (Suitza) egingo den goi-bilera. Hain justu, Errusiak, Europar Batasunak, Estatu Batuak eta Ukrainak hartuko dute parte bilera horretan.