Mundua -
Pakistan
Helmen laburreko misil nuklearra izan daitekeena probatu du Pakistanek
Indiak, eskualdeko lehiakidea eta potentzia nuklearra, sortutako defentsa estrategiari aurre egiteko programa nuklearraren baitan kokatu dute proba.
Erredakzioa
Pakistango Armadak helmen motzeko misil nuklearra izan daitekeena probatu du gaur. Hatf-3 misilak 290 kilometroko helmena du, eta proba 'arrakasta' handiarekin egin dela jakinarazi dute.
Rahsad Mahmudek, Estatu Nagusiko buruzagia, proba berriak izan duen zehaztasuna nabarmendu du. Jaurtiketaren arduraduna zoriondu du, eta misil berriari esker 'Pakistango defentsan mugarri berri bat ezarri' dutela eta 'horrekin eskualdeko bakea ziurtatu' egin dutela esan du.
Hatf-3 misila (Ghaznavi izenaz ere ezagutzen dute) Pakistango armamentu nuklearraren programaren baitan dago. Azken urteotan eraiki duten misila eskualdeko lehiakide eta potentzia nuklear handia den Indiaren defentsa estrategiari aurre egiteko diseinatu dute.
Pakistango programa nuklearra Nasr (60 kilometroko helmena dute) eta Abdali (180 kilometroko helmena) misilek osatzen dute.