Mundua -

Ipar Irlanda

Adams galdekatzen jarraitzeko 48 ordu gehiago lortu ditu Poliziak

Azkenik, auzia daramaten detektibeek agintarien baimena lortu dute erabakia igandera arte atzeratzeko.

Gerry Adams. EiTB
Gerry Adams
Gerry Adamsen atxiloaldia luzatzeko eskatu du Poliziak

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerry Adams Sinn Feineko buruzagia galdekatzen jarraitzeko baimena lortu du Ipar Irlandako Poliziak (PSNI). Ondorioz, beste 48 ordu lortu ditu Poliziak.

Azkenik, auzia daramaten detektibeek agintarien baimena lortu dute erabakia igandera arte atzeratzeko, BBC telebistak jakitera eman duenez.

Ipar Irlandako Poliziak Gerry Adams Sinn Feineko presidentearen atxiloketa-epea luzatzeko baimena eskatu du ostiral honetan. Adams asteazkenean atxilotu zuten, 1972an IRAk hildako emakume katoliko baten hilketa egotzita.

Martin McGuiness Sinn Feineko buruzagiak eta Ipar Irlandako ministrorde nagusiak jakitera eman duenez, Poliziak atxiloketa luzatzea eskatu du. Britainia Handiko terrorismoaren aurkako legearen arabera, epe hori gehienez 48 ordukoa da, baina auzitegi batek 28 egun gehiagora luza dezake.

Duela 40 urte Irlandako Armada Errepublikanoak (IRA) egindako erasoari buruz hitz egiteko, 65 urteko Adams Ipar Irlandako Poliziarekin (PSNI) biltzeko prest agertu zen iragan hilabetean. Hala ere, hilketarekin loturarik eta harremanik ez duela argi utzi zuen.

Adams Antrim konderriko Polizia-etxean bere borondatez azaldu zen asteazkenean, eta atxilotu egin zuten.

Lou McDonald Sinn Fein alderdiko bigarren buruzagiak salatu du Gerry Adamsen atxiloketa erabaki politiko baten ondorio dela, Europako hauteskundeetako kanpainaren aurrean egin dutelako.

Sinn Fein: "Atxiloketa politikoa da"

"Ipar Irlandako Poliziak atxiloketa une honetan egitea erabaki politikoa izan dela eta Gerry Adamsen eta Sinn Feinen irudia kaltetzea helburu duela uste dut", nabarmendu du agiri batean.

McGuinssek atzo esan zuen Gerry Adams atxilotzeko erabakiak bultzada politikoa izan zuela. "Gaur, Poliziak atxiloaldia luzatzekoa eskaria egin izanak erabat baieztatzen du uste hori", azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea