Mundua -

Bahiketa

Nigerian bahitutako haurrak askatzeko lanetan lagunduko dute AEBk

Boko Haram miliziak 200 neskato baino gehiago ditu bahituta, eta asko bortxatu ere egin dituztela salatu dute.

Haurrak bilatzeko lanek porrot egin ostean egindako protesta. Argazkia: Efe
Haurrak bilatzeko lanek porrot egin ostean egindako protesta.
Haurrak bilatzeko lanek porrot egin ostean egindako protesta. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goodluck Jonathan Nigeriako presidenteak onartu egin du AEBren laguntza Boko Haram milizia islamistak bahitu dituen 200 neskatoak bilatzeko, AEBko Estatu Departamentuak jakitera eman duenez.

Jen Psakik azaldu duenez, Nigeriako Gobernua "prest" dago "koordinazio talde bat" osatzeko AEBko segurtasun indarrekin eta militarrekin, bahiketetan eta negoziazioetan trebatuta baitaude.

John Kerry AEBko Estatu idazkariak esan du bera jarri zela harremanetan Nigeriako presidentearekin, baina aitortu du Washingtonek ezin duela ezer egin Nigeriako Gobernuaren "estrategiak" aldatzeko.

Kerryk azpimarratu du Barack Obamarekin hitz egingo duela gaur bertan Nigerian zer egin dezaketen aztertzeko. "Gure esku dagoen guztia egingo dugu laguntzeko", gaineratu du Kerryk, Catherine Ashton EBren diplomaziaburuarekin batera emandako prentsaurrekoan.

Nigeriako agintariei erreskatean laguntzeko hamar bat soldadu bidaliko ditu AEBetako Gobernuak.

Afrika Taldeko soldaduak Nigeriako hiriburutik laguntza eskainiko dute adingabeak askatzeko operazioan.

Frantzia, Txina eta Erresuma Batua

Bahitutako neskatoak bilatzeko eta askatzeko Nigeriari lagunduko diotela ziurtatu du gaur Francois Hollande Frantziako presidenteak. "Datozen orduetan" Frantziako talde berezi bat bidaliko dute eta Nigeriaren aginduetara jarriko da.

Era berean, Goodluck Jonathan Nigeriako presidentearen eskakizuna onartu du Li Keqiang Txinako lehen ministroak. Txinak Nigeriari lagunduko diola agindu du Keqiangek.

William Hague Britainia Handiko Atzerri ministroak ere "laguntza praktikoa" eskaini du apirilaren 14an Chibokeko eskola batean bahitutako 200 haurrak bilatu eta askatzeko. Abubakar Shekau Boko Haram miliziaren buruak astelehenean aldarrikatu zuen bahiketa, eta neskatoak "merkatuan" salduko zituela iragarri zuen.

Eraso berria

Gutxienez 200 lagun hil ditu ustez Boko Haram milizia islamiarrak, bertako komunikabideek gaur jakitera eman dutenez.

Sektaren azken erasoa astelehenean gertatu zen, baina gaur eman dute haren berri. Erasoa Gamborun (Borno estatuan), Kamerungo mugan, jaso zen. Gizon armatuek herria hartu zuten gauean, Daily Trust bertako egunkariak lekukoak aipatuz jakitera eman duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak