Mundua -

Hauteskundeen ostean

Belgikako lehen ministroak dimititu egin du

Erregeak Gobernu berriari bidea irekiko dion informatzaile bat izendatu behar du, eta, ondoren, Gobernu berria osatzeko arduraduna aukeratu.

Elio Di Rupo Belgikako lehen ministro ohia. Argazkia: Efe
Elio Di Rupo Belgikako lehen ministro ohia.
Elio Di Rupo Belgikako lehen ministro ohia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elio Di Rupo Belgikako lehen ministroak dimisioa aurkeztu dio Felipe erregeari, eta horrek onartu egin du eta gai arruntak kudeatzeko ardura eman dio. Erregeak hauteskundeetan ordezkariak lortu zituzten alderdi politiko guztietako presidenteak jasoko ditu orain, Gobernua osatzeko bidean.

Kontsulta horiek gaur amaituko dira. Prozesu hori bukatuta, Felipe erregeak Gobernu berriari bidea irekiko dion informatzaile bat izendatu behar du, eta, ondoren, Gobernu berria osatzeko arduraduna aukeratu.

N-VA independentista flandiarrak, Bart De Wever Anberesko alkatea buru dutela, izan dira Belgikako hauteskundeetako irabazleak, eta ezinbesteko indar politikoa izango dira Gobernu berria osatzeko, eta horrek zaildu egingo ditu flandriarren eta waloien arteko elkarrizketak.

Garaipena eskuratu ondoren, De Wever Gobernua osatzeko ekimena hartzeko prest agertu zen, baina aitortu zuen "zaila" izango zela, "flandriarren eta frantses hiztunen arteko desadostasunak inoiz baino handiagoak" direlako. De Weverrek, hala ere, argi adierazi du ez duela "krisirik" nahi. Hori horrela, lehenengo egitekoa Flandrian "koalizio indartsua eta zentzuzkoa" bilatzea izango omen da, gero Estatu mailan negoziatzeko.

2010eko hauteskunde federalen ostean, Belgikak marka ezarri zuen, 541 egun behar izan baitzituen Gobernua osatzeko, eta horrek independentisten tentsioa areagotu zuen. Orduan ere De Weverren N-VA izan zen irabazle, baina Gobernutik kanpo geratu zen.

Azkenean, Elio Di Rupo lehen ministroak koalizio handia osatu zuen sei alderdirekin: sozialistak, liberalak eta demokristauak, bai flandriarrak bai waloiak. Baina flandriarrek orduan baino boto eta eserleku gehiago eskuratu dituzte, eta horrek asko zailtzen du koalizioa berriro osatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea