Mundua -
Istripua
Desagertutako hegazkinaren datu teknikoak zabaldu dituzte
47 orrialdeko dokumentu batean argitaratu dituzte desagertutako hegazkinaren datuak, azken kontaktua izan zutenera arte.
Malaysiako agintariek eta Inmarsat Britainia Handiko sateliteen enpresak Malaysia Airlines konpainiaren hegazkinaren informazio teknikoa argitaratu dute. Martxoaren 8an desagertu zen, 239 bidaiari zeramatzala, eta Indiako ozeanoan erori zela uste dute.
47 orrialdeko dokumentu batean argitaratu dituzte desagertutako hegazkinaren datuak, martxoaren 7ko 16:06:43etik 23:15:01ean azken kontaktua izan zuten arte. Informazio oso baliagarria da, hainbat herrialdetako adituk Boeing 777-200ER hegazkina Indiako ozeanoan erori zela ondorioztatzeko.
Malaysiako Abiazio Zibileko Zuzendaritzak agiri batean jakinarazi duenez, gardentasunez jokatzeko agindua egin zuen Garraio Ministerioak maiatzaren 19an, eta horren harira argitaratu dituzte datu horiek. Bidaiarien eta tripulazioko kideen senideek Malaysiako agintariak informazioa ezkutatzen ari direla salatu dute eta hegazkina bilatzeko lanak berandu hasi zirela.
MH370 hegaldia Malaysiako hiriburutik (Kuala Lumpur) irten zen martxoaren 8an, 239 bidaiari zeramatzala, eta Txinako hiriburuan (Pekin) lurreratu behar zuen sei ordu geroago.
Aireratu eta 40 minutura galdu zuten hegazkinaren arrastoa, baina norabidea "nahita" aldatu zuen, Malaysiako agintarien arabera. Malakako itsasartea aurreikusitako norabidean baina aurkako noranzkoan igaro zuela eta Indiako ozeanoan erori zela uste dute.
Bilaketa lanek ez dute emaitzarik eman oraindik, izan ere, ez dute ez hegazkinaren ez kutxa beltzaren arrastorik aurkitu.