Mundua -
India
Bost atxilotu, bi neskato bortxatu eta hiltzea egotzita
Larunbatean beste bi gizon atxilotu ditu Indiako Poliziak ukiezinen kastako bi nesken bortxaketan eta hilketan zerikusia dutelakoan.
Erredakzioa
Indiako Poliziak beste bi gizon atxilotu ditu aste honetan urkatuta agertu diren ukiezinen kastako bi nesken bortxaketarekin eta hilketarekin zerikusia dutelakoan. Gaurko atxiloketekin, beraz, dagoeneko bost dira atxilotuak.
Atul Kumar Saxena Poliziako superintendenteak PTI Indiako albiste agentziari adierazi dioenez, gauean Chhatrapal polizia-agentea atxilotu zuten eta larunbat goizean, berriz, Urvesh agentea. Orain arte atxilotutako bost gizonak Yadav kastakoak dira. Aipaturiko kasta hori ukiezinen gainetik dago, baina behe mailako kasta bat da.
Aste honetan bortxatuta eta urkatuta agertu dira ukiezinen kastako 14 eta 15 urteko bi neskato Indiako Katra herrian.
Sarvesh eta Chhatrapal polizia-agenteak zigortu eta atxilotu egin dituzte, "konspirazio kriminala" egotzita. Antza denez, hildako neskatoak herriko etxe batean atxikita zituztela jakin zuten senideek, eta horren berri Poliziari eman bazioten ere, agenteok laguntza ukatu zieten.
Awadhesh polizia agenteak eta horren bi anaiak bahitu zituzten bi neskatoak, eta, ihes egin duten beste bi gizonekin batera, bi neskatoak bortxatzea eta hiltzea egozten diete.
Hildako neskatoen senideek ikerketa independentea aldarrikatu dute.