Mundua -
Fronte Nazionala
Le Pen, juduen aurka egiteagatik bere kontra egin dutenak kritikatuz
Fronte Nazionalaren sortzaileak bere alderdiaren aurka azaldu diren politikari eta pertsonaia ezagunen kontra egin du bideo batean.
Juduen aurka egin dituen azken hitzen harian bere alderdiaren baitan bere aurka egin dutenak (Marine alaba, tartean) kritikatu ditu Jean-Marie Le Pen Fronte Nazionaleko sortzaileak, eta "pentsamendu bakarrarekin bat egitea" egotzi die.
"Beste alderdi politikoen antza izan nahi dute. Hori bada Fronte Nazionaleko zuzendari batzuen asmoa, lortu egin dute", adierazi du Le Pen aitak RMC irrati-katean eskaini duen elkarrizketa batean.
Kazetari batzuek Jean-Marie Le Penen hitzak antisemitatzat jotzeko "asmo txarrez" hartu zituztela esan zuen Marine Le Penek, baina, hitz horiek horrela ere erabili ahal zituztela kontuan hartu gabe, aitak "hanka-sartze politikoa" egin zuela gaineratu zuen. Alabaren hitz horien aurrean, hauxe erantsi du Jean-Marie Lepenek: "Beraiek egin dute akats politikoa, ez nik".
Jean-Marie Le Penen adierazpen polemikoak Fronte Nazionalaren webgunean ostegunean aireratu eta ostiralean erretiratu zuten bideo batean ageri ziren. Bere alderdiak maiatzaren 25ean Europako hauteskundeetan emaitza bikainak (alderdi bozkatuena izan zen Frantzian, botoen % 25 lortu baitzituen) lortu ostean, alderdi horren aurka hitz egin zuten politika eta ikuskizunen munduko hainbat pertsonaiaren errepasoa egin zuen bertan.
Patrick Bruel abeslari judua kritikatu ostean, "hurrengoan labealdi bat egingo dugu" esan zuen Le Pen aitak, kontzentrazio-eremuetan naziek egin zituzten sarraskiak gogora ekarrita askori. Gerora, Jean-Marie Le Penek esan du adierazpen horiek egin zituenean ez zekiela Bruel judua dela eta "labealdia" esan zuenean ez zuela horren hitzez-hitzezko zentzuan erabili, Fronte Nazionalaren aurka agertu diren artista guztiekin ikuskizun bat prestatzen ari zela esateko baizik.