Mundua -
Brasil 2014
Gatazka soziala protagonista, Munduko Futbol Txapelketaren hasieran
Gutxienez zazpi lagun, horien artean CNN telebistako bi kazetari, zauritu dira Sao Paulon. Poliziaren eta manifestarien liskarrak gertatu dira hirian.
Erredakzioa
Brasil 2014 Munduko Txapelketa ostegun honetan hasi da Rio de Janeiroko aireportuetako langileen eta Nataleko autobus gidarien greben artean. Sao Pauloko metroko langileak ere gatazkan dira, baina Brasil eta Kroazia txapelketako lehen partidaren egunean lanuzteak alde batera uztea erabaki dute.
Sao Pauloko metroko langileek astelehenean eten zuten bost eguneko lanuztea, Brasileko hiri handienaren metroko langileen sindikatuak grebarekin ez jarraitzea erabaki ostean. Horri esker, futbol zaleek garraio publikoa erabili ahal izan dute Arena Corinthians futbol zelaira joateko.
Kaleratutako 42 grebalari lanera itzultzeko negoziazioek porrot egin duten arren, langileek metroa normaltasunez ibiliko dela berretsi dute, baina mobilizazioak eta protesta ekitaldiak areagotu egingo dituztela ohartarazi dute. Protesten helburu nagusia, kaleratutako langileak itzultzeko presioa egitea izango da.
Rio de Janeiroko metroko langileek bart onartu zuten enpresak soldatak igotzeko egindako proposamena, eta greba bertan behera uztea erabaki dute.
Rio de Jaineroko aireportuko langileek, aldiz, 24 orduko lanuztea iragarri dute, soldatak igotzea eskatzeko.
Natal eta Fortaleza hirietako garraioetan ere lanuzteak egin dituzte.
Azken asteetan, zenbait sindikatuk aldarrikapenak sendotu eta grebak deitu dituzte, Munduko Txapelketaren hasierak sortutako ikusmina aprobetxatuta.
Zazpi zauritu Sao Paulon
Gutxienez zazpi lagun, horien artean CNN telebistako bi kazetari, zauritu dira gaur, Sao Paulon. Poliziaren eta manifestarien liskarrak gertatu dira hirian.
Manifestariek goiz hartu dituzte Brasilgo hiri handienaren kaleak, txapelketari hasiera eman dion Brasil-Kroazia norgehiagoka hasi baino sei ordu lehenago. Manifestariak hiriko bide garrantzitsu bat blokeatzen saiatu dira, baina Poliziak aurre egin die eta estu hartu ditu.
Polizien martxa oztopatu duen manifestari bat atxilotu dute segurtasun indarrek. Manifestariak metroko Carrao geltokian bildu dira, Sao Pauloko ekialdean. Protesta sare sozialetatik deitu dute antolatzaileek.
Barbara Arvanitidis CNNko kazetari kanadarra besoan zauritu da istiluetan, baina zauri arinak izan dira. Nahaspilan, Shasta Darlington berriemaile brasildarra erori da eta urradura txikiak egin ditu.
Brasileko Munduko Txapelketako antolakuntzarekin kritiko agertu diren gizarte mugimenduek manifestazioak deitu dituzte partidak hartuko dituzte zazpi hiritan: Belo Horizonte, Brasilia, Fortaleza, Juiz de Fora, Porto Alegre, Recife, Río de Janeiro eta Sao Paulo.
Rouseffek kostuen alde egin du
Dilma Rousseff Brasileko presidenteak Munduko Txapelketaren antolaketak eragindako kosteen alde egin du. Ustelkeriaren kontra egingo duela ere esan du, eta, azken hiru urteetan, osasun zerbitzuetan eta eskoletan futbol zelaietan baino 212 aldiz gehiago gastatu dutela azpimarratu du, manifestarien akusazioei kontra eginda.
Presidentearen arabera, osasun zerbitzuetan eta hezkuntzan egindako gastua "aurrekontuan gehien igo diren atalen artean" dagoela adierazi du, eta herrikideei kanpoko futbol zaleei "ongietorri beroa" egiteko eskatu die.