Mundua -
Hauteskundeak Kolonbian
Santos eta Zuluaga, Kolonbiako presidente izateko lehian
Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliak bi hautagaien arteko berdinketa hautsiko du. Abstentzioa erabakigarria izan daiteke.
Erredakzioa
Presidentea hautatuko dute gaur Kolonbian, hauteskundeen bigarren itzulian. Juan Manuel Santos egungo presidentea eta Zentro Demokratikoa alderdi 'urbistako' Oscar Ivan Zuluaga hautagaiak izango dira aurrez aurre. 32.975.158 hauteslek izango dute botoa emateko aukera, eta abstentzioa erabakigarria izan daiteke, lehen itzulian % 59,93koa izan baitzen.
Azken inkesten arabera, oso berdinduta ibiliko dira Santos eta Zuluaga, biek botoen % 38-43 inguru jasoko dutela uste baita.
Berdinketa, hautsi baino, areagotu egin da maiatzaren 25ean izandako lehen itzulitik. Orduan, Zuluaga gailendu zen botoen % 29arekin; Santosek, aldiz, herritarren % 25aren babesa jaso zuen.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak goizean goiz joan da botoa ematera, eta ondoren kazetarien aurrean hitz egin du. Santosek gaur "kontu handiak" erabakitzen direla nabarmendu du. Bakean, lasaitasunez eta kontzientziaz bozkatzera joateko dei egin die Santosek kolonbiarrei, "era horretan demokraziak irabaziko du eta herrialdea irabazten aterako da".
Hauteslekuak ireki eta gutxira eman du botoa Santos presidenteak Capitolioan jarritako hauteslekuan. Maria Clemencia Rodriguez emazteak eta Martin, Estaban eta Maria Antonia seme-alabek lagunduta joan da Santos botoa ematera.
Oscar Ivan Zuluaga presidentegaia hauteskundeen bigarren itzulia irabazteko itxaropentsu agertu da, eta irabaziz gero adostutako bakea lortzeko eta "kolonbiar guztien presidentea" izateko lan egingo duela azpimarratu du.
Zuluagak Bogotako El County auzoko hauteslekuan eman du botoa, Martha Ligia Martinez emazteak, Carlos Holmes Trujillo presidenteorde izateko hautagaiak eta alderdiko beste zenbait buruzagik lagunduta.
Kolonbiako bake elkarrizketak, hizpide
Santosi herrialdea FARCeko "terroristei saldu" izana leporatu eta Presidentetzara iristean bake prozesua etengo zuela iragarri ostean, Zuluagak Habanako negoziazioekin jarraituko duela adierazi du, "baldintza argiekin".
Zentro Demokratikoko hautagaiak "Presidentetza lortu" nahi duela esan du, jarrera aldaketa justifikatzeko, eta horretarako, "milioika kolonbiar ordezkatzen dituzten sektore garrantzitsuei bidea ireki" behar diela.
Santosek, aldiz, FARCekin biktimen erreparazioaren inguruko akordio bat sinatuko duela iragarri du, elkarrizketak arrakastaz amaitzeko bidea errazteko.
Gainera, Gobernua urtarriletik Kolonbiako bigarren gerrilla den Askapen Nazionalerako Ejertzitoarekin (ELN) "elkarrizketa esplorazio fasean" dagoela jakinarazi du, balizko negoziazio mahai baten baldintzak eta agenda adostu asmoz.
Santosek aurreratu duenez, ELNrekin negoziazioak bide onetik joaten badira, bake prozesu "osoa" burutuko da. "Gatazka bat bakarra da, eta horri amaiera jartzeko prozesua ere, bat eta bakarra", azaldu du.
Gauzak horrela, bake prozesuaren inguruko xehetasunak erabakigarriak izan daitezke hautagaien arteko berdinketa hausteko eta Kolonbiaren historiako zatirik odoltsuenari amaiera emateko, gatazka horren ondorioz, 300.000 pertsona inguru kaltetu baitira.