Mundua -
Istripua
17 inputatu Bangladesheko ehungintza tailerren erorketagatik
2013ko apirilean erori zen Rana Plaza eraikina, eta 1.130 pertsona hil ziren bertan.
Erredakzioa
Bangladesheko Ustelkeriaren aurkako Batzordeak 17 pertsona, enpresariak eta funtzionario munizipalak, inputatu ditu Rana Plaza eraikinaren erorketa dela eta. Zenbait ehungintza tailer zeuden eraikin hartan, eta istripuaren ondorioz gutxienez 1.130 pertsona hil ziren, gehienak langileak. Izan ere, eraikina ezegonkor zegoen arren, ez zieten handik irteten utzi. Daccako Rana Plazaren eraikuntzan, araudia bete ez izana leporatu diete inputatuei.
SM Mofidul Islam Batzordeko zuzendariordeak gaur aurkeztu ditu inputazio agiriak Savar Modelgo komisaldegian, Daily Observer Bangladesheko egunkariaren edizio digitalaren arabera.
Inputatuen zerrendan, ehungintza tailerretako funtzionarioak eta jabeak daude, baina ez da ageri Rana Plaza eraikinaren jabea, Sohel Rana. Iturri judizialen arabera, Ranaren gurasoak ageri ziren eraikinaren jabe gisa paperetan, eta haiek izan dira inputatuak.
Batzordearen arabera, agintari munizipalek eraikinean solairu berriak eraikitzeko baimena eman zuten, horretarako eskumenik ez zuten arren.
2013ko apirilaren 24an, gutxienez 1.130 pertsona hil ziren Rana Plaza eraikin komertzialean. Bertako ehungintza tailerretako jabeek langileei euren postuetan jarraitzeko agindua eman zieten,aurreko egunetan pitzadura handiak atzeman ziren arren. Hildako kopurua kontuan izanda, munduko istripu industrialik larriena izan da, Bhopaleko (India) 1984ko ezbeharraren atzetik.