Mundua -
Hauteskundeak
Santos presidenteak irabazi ditu Kolonbiako hauteskundeak
Botoen % 50,95 eskuratu ditu bozen bigarren itzulian, Oscar Ivan Zuluaga Zentro Demokratiko alderdi uribistaren aurretik (% 45).
Erredakzioa
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak 2018a arte gobernatzen jarraitzeko agindua jaso du hauteskundeen bigarren itzulian, ezkertiarren eta gizarte mugimenduen babesarekin, eta bake prozesuan aurrera egiteko eta justizia soziala sustatzeko konpromisoa agertu du.
Botoen % 50,95 eskuratu ditu Santosek bozen bigarren itzulian, Oscar Ivan Zuluaga Zentro Demokratiko alderdi uribistaren aurretik (% 45), boto guztiak zenbatuta jakitera eman dutenez.
Azken asteotan ezkertiarrekin egin duen eta aurrekaririk ez duen itunari esker lortu du garaipena Santosek; izan ere, lehenengo itzulian, maiatzaren 25ean, Zuluagaren atzetik geratu zen (botoen % 25,69 eta % 29,25 lortu zituzten, hurrenez hurren).
Santosek esan du bere garaipena "50 urteko indarkeriaren amaiera eta askatasun eta justizia sozial handiagoko Kolonbia berriaren hasiera" dela.
Emaitza horien berri izan ostean, Alvaro Uribe presidente ohi eta Zuluagaren babesle handienak agerraldia egin du Medellinen, eta Kolonbiako "historian izan den ustelkeria handiena" izan dela salatu du, botoak erosi dituztelakoan eta FARCek boto-emaileei mehatxu egin dielakoan.
FARCekin eta ELNrekin bakea lortzeko konpromisoak indar handiagoa izan du hauteskunde hauetan Gobernuaren politika neoliberalak baino.
Gainera, Santosek garaipen zabalak lortu ditu gatazka armatuak gogorren jo duen eskualdeetan, Caucan eta Buenaventuran adibidez, botoen % 72,1 eta % 78,94 eskuratu baititu horietan.