Mundua -

Bulgaria

Bulgariako presidenteak Parlamentua desegin du

Abuztuaren 6an osatuko dute Gobernu berria, urriaren 5eko hauteskundeak arte herrialdea zuzenduko duena.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rosen Plevneliev Bulgariako presidenteak Parlamentua desegin du, eta barneko Gobernu berria abuztuaren 6an osatuko dela adierazi du, hurrengo hauteskundeak izan arte agintean egongo dena. Helburua krisi politikoa gainditzea da, herrialdearen egonkortasun finantzarioa kaltetzea eragozteko.

Urriaren 5ean izango dira hauteskunde aurreratuak, Plevneliev presidentearen arabera.

"Egungo Parlamentuarekin ezinezkoa da Gobernu berri bat osatzea", adierazi du. Plamen Oresharski lehen ministro teknokrataren Gobernuak datozen egunetan dimisioa aurkeztuko duela iragarri du presidenteak, eta kabinete berri bat osatuko dela hurrengo hauteskundeak izan arte.

Urtebete baino zertxobait gehiago darama boterean egungo Gobernuak, eta haren gestioaren aurkako protestak etengabeak izan dira; izan ere, ez da gai izan herrialdearen hazkunde ekonomikoa berpizteko. Europar Batasuneko herrialderik txiroena da Bulgaria, eta gutxiengo soldata 170 eurokoa da.

"Gobernu tekniko berria zehaztu aurretik, Estatu buruak parlamentuko talde desberdinekin eta Europako Parlamentura ordezkariak bidali dituzten alderdiekin hitz egingo du", adierazi du Plevnelievek.

Estatu buruak azpimarratu du ez dagoela banku krisirik, konfiantza krisia, baizik, eta banku sistemaren aurka egiten dela eraso. "Horren errudunei legearen zorroztasun guztiarekin jarraituko zaie atzetik".

Ekonomialari gehienek eta Fitch kalifikazio agentziak azaldu dutenez, Bulgariako bankuen egoera segurua da. Herrialdean filialak dituzten atzerriko bankuek ere operazio guztiak normaltasunez egin dituztela esan dute.

Borisov lider kontserbadoreak, bestalde, Bulgariak Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza behar duela adierazi zuen ostiralean, finantza arloan lasaitasuna lortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak Bulgariako azken ordukoa