Mundua -
Italia
18 etorkin hilda topatu dituzte txalupa batean, Lampedusan
Halaber, ostiraletik 3.500 etorkin erreskatatu dituzte, Siziliako itsasartea zeharkatzen ari zirela.
Erredakzioa
Italiako Itsas Armadak 18 etorkinen gorpuak topatu ditu txalupa pneumatiko batean, Lampedusa hegoaldeko uretan noraezean. Beste 73 etorkin zihoazen txalupan.
Ohar baten bidez, Itsas Armadak hildakoen berri eman du, baina oraindik ez dakite zelan hil diren etorkinak.
Ostiraletik hona, Italiako kostazainek 19 gorpu berreskuratu eta 3.500 etorkin erreskatatu dituzte Siziliako itsasartean, Afrika iparraldetik abiatu eta Italiako kostaldera iristeko asmotan.
Azken erreskatea gaur, igande goizaldean izan da. 215 etorkin zeramatzan txalupa bat topatu dute; horietatik 55 emakumezkoak ziren, eta 28, adin txikikoak.
Ezbehar honi ostiralean Libiako uretan gertatutakoa gehitu behar zaio; 300 etorkin inguru zeramatzan itsasontzi bat hondoratu zen. Orain arte 20 hilotz jaso dituzte, eta 170 lagunek desagertuta jarraitzen dute. Libiako agintariek azaldu dutenez, 250 pertsona baino gehiago izan daitezke ezbehar horretan hildakoak.
Urte hasieratik 110.000 etorkin heldu dira Italiako kostaldera.