Mundua -
Palestina
Ekainean hiru ikasle hil ei zituzten bi pertsonak hil ditu Israelek
Hiru gazteen heriotzaren ostean, Israelgo Armadak erasoaldia abiatu zuen Gazaren aurka.
Erredakzioa
Israelgo soldaduek ekainean hiru ikasle israeldar bahitu eta hil ei zituzten bi susmagarri nagusiak hil dituzte gaur, Zisjordanian.
Tel Aviveko Gobernuaren Armadak agiri batean azaldu duenez, bi susmagarriak tirokatuta hil dituzte, eta operazioan zerbitzu sekretuek ere hartu dute parte.
Hiru ikasleen hilketaren ostean, Israelek erasoaldia abiatu zuen Gazako lerroaren aurka, eta orotara 2.150 pertsona hil zituen bertan; gehienak, zibilak.
Israelgo Inteligentzia zerbitzuen bertsioaren arabera, agenteek susmagarriak "atxilotzeko asmoa" zuten, baina tiroketa hasi zen eta horretan aipatu bi pertsonak hil egin ziren.
Palestinarren esanetan, baina, tropa israeldarrek zuzenean tiro egin zuten bi susmagarriak zeuden etxearen aurka.
Heriotza horren ondorioz, zailagoa izango da gazte israeldarren hilketa Hamasen agindua ote zen edo euren kabuz jokatu zuten argitzea.