Mundua -
Siria
15 lagun hil dira Homsen, eskola baten ondoan egindako atentatu batean
Horrez gain, 20 lagun, tartean adingabeak, zauritu dira. Umeak ikastetxetik ateratzen ari zirenean, bonba-auto bat zartarazi dute.
Erredakzioa
Gutxienez 15 lagun hil dira, eta 20 zauritu, Homs hirian, Sirian, eskola batetik hurbil izandako atentatu batean. Biktimen artean adingabeak daudela esan du Talal al Barazik, eskualdeko gobernadoreak.
Gobernadoreak adierazi duenez, ekintzaile suizida batek autoa zartarazi du umeak Akrima Majzumi eskolatik irteten ari ziren unean.
Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, bi leherketa izan dira inguru horretan, Akrima Yadide auzoan, horietako bat bonba-auto batek egindakoa. Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, eztanden ondorioz dozenaka lagun hil dira, baina ez du kopurua zehaztu.
Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, Siriako gerraren ondorioz, 191.369 lagun (9.000 adingabe tartean) hil dira 2011ko martxotik 2014ko apirilera.