Mundua -
Protestak Hong Kongen
Gobernuarekin elkarrizketa bertan behera utzi dute ikasleek
Ostiral honetan gertatu diren istiluengatik erabakia hartu dute ikasleek; izan ere, herritar batzuek manifestariei eraso egin diete Poliziaren pasibotasuna aprobetxatuz.
Erredakzioa
Gobernuarekin adostutako elkarrizketa bertan behera utzi dute Hong Kongeko protestak zuzentzen dituzten ikasleek.
Gaur gertatu diren istiluengatik erabakia hartu dute ikasleek; izan ere, herritar batzuek manifestariei eraso egin diete Poliziaren pasibotasuna aprobetxatuz, protestak zuzentzen dituzten erakundeek azaldu dutenez.
"Elkarrizketa bertan behera uztea beste aukerarik ez dugu; izan ere, Gobernuak eta Poliziak bizkarra erakutsi diete manifestariei, herritarrek eraso egin dietenean", salatu du Hong Kongeko Ikasleen Federazioak.
Poliziak "ez du ezer egin"
Demokraziaren aldeko manifestariek eta ikasleek kritikatu dutenez, ur botilak bota dizkiete eta Poliziak "ez du ezer egin".
Demokraziaren aldeko taldeen eta Pekinen aldeko taldeen arteko liskarrak izan dira Hong Kongen. Poliziak istiluetan parte hartu behar izan du, eta bi taldeak bereizteko giza katea egin du.
Istiluak Mong Kok inguruan izan dira, eta 50 polizia inguru bertaratu dira. Demokraziaren aldekoek eta Pekinen aldekoek hainbat bultzakada eman dizkiote elkarri eta oihu ugari entzun dira. Demokraziaren aldekoek sufragio unibertsala eskatzen dute Hong Kongen. Gobernuaren aldekoek, berriz, inguruan jarrita dauden kanpalekuak eta barrikadak kendu nahi dituzte.
Hainbat lagun zauritu dira, boluntarioek jakitera eman dutenez. Zaurituen kopurua eta horien egoera, ordea, ezin izan dute zehaztu.
Azken astean protesta ugari izan dira Hong Kongen. Milaka ikasle eta aktibista kalera irten dira demokrazia eske. Gobernadorea aukeratzeko 2017an izango diren hauteskundeetako boto-sistema aldatzea eskatzen dute.
Elkarrizketa
Atzo gauean ikasleek onartu egin zuten Exekutiboak aurkeztutako elkarrizketa proposamena. Hala ere, Leung Cheung Yin gobernadoreak dimisioa eman behar duela uste dute.