Mundua -
Eskozia
Cameron konpromisoak 'saltzeko' prestatzen ari dela uste du Salmondek
"Kontserbadoreen bermeetan konfiantzarik ez du jendeak eta oso haserre daude, zinezko konpromisoa saltzen ari direla ematen duelako", ohartarazi du Eskoziako ministro nagusiak.
Erredakzioa
Alderdi Kontserbadorea eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa konpromisoak "saltzeko" prestatzen ari direla salatu du Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak. Eskumenak itzuliko zituztela agindu zuten Erresuma Batuko buruzagiek erreferendumaren atarian.
"Kontserbadoreen bermeetan konfiantzarik ez du jendeak eta oso haserre daude, zinezko konpromisoa saltzen ari direla ematen duelako", ohartarazi du Salmondek. Irailaren 18ko erreferendumaren bezperan Eskoziari botere gehiago emango ziola agindu zuen Londresek.
Eskumenen ezaugarrien inguruan eztabaidatu dute alderdi nagusiek azken asteetan, baina konpromisoak beteko dituztela errepikatu dute. Finantziazio handiagoa eta osasun gastuaren kontrol handiagoa eskaintzea planteatu zuten, besteak beste.
Gobernuaren egitasmoa datorren urtean zehaztu beharko lukete. Hala ere, legedia 2015eko maiatzaren hauteskunde orokorren ostean onartuko lukete.
Londreseko agintariek konpromisoak beteko ez dituztela herritarrei ez sinestarazteko eskatu die William Hague buruzagi kontserbadoreak abertzaleei. "Baldintzarik gabeko hitza da", errepikatu du Komunen Ganberan.
Proposamenak
Bestalde, Eskoziako Parlamentuari diru-sarrerak % 54 handitzeko gaitasuna ematea proposatu du Gordon Brown lehen ministro ohiak (laborista). Zentzu horretan, 4.000 milioi libratik 18.000 librara pasatzea planteatu du 2016an.
Eskoziari autonomia fiskal handiagoa ematea proposatu du Alderdi Kontserbadoreak.