Mundua -
Londres
Zenbait hegaldi bertan behera Heathrowen Gonzalo urakana dela eta
Aireportu horretako hegaldien % 10i eragingo die urakanak, nahiz eta indarra galdu duen Atlantikoa zeharkatuta.
Erredakzioa
Londresko Heathrow aireportuak gaurko, asteartea, hegaldien % 10 bertan behera utzi ditu Gonzalo urakanak eragingo dituen haizeteengatik, eta zirkulazioan ere eragina izatea aurreikusi dute.
British Airways enpresak adierazi du zenbait hegaldi bertan behera utzi dituela Heathrowen, gomendioei jarraituta, eta Mantxako kanala zeharkatzen duten zenbait ferryk ere zerbitzua eten dute.
“Zenbait helgaldi bertan behera geratuko dira Heathrowen, hegaldien % 10. Ez dakigu zehatz-mehatz zenbat bidaiariri eragingo dion, baina gaur bakarrik izango du eragina”, esan du aireportuko bozeramaile batek.
Bestalde, Virgin tren enpresak jakinarazi duenez, haizeteak direla eta, abiadura mugak ezarri ditu Preston eta Lancashire artean, Ingalaterra iparraldean, eta, hori dela eta, atzerapenak egotea espero dute.
Meteorologia Zerbitzuaren arabera, Gonzalo urakanak indarra galdu du Atlantikoa zeharkatuta, baina orduko 75 kilometrorainoko haize-boladak eragingo ditu, baita zaparradak ere. Hori dela eta, garraiobideetan ere izango du eraginik.