Mundua -
Uruguai
Parte-hartze altua eta lasaitasuna nagusi, Uruguaiko hauteskundeetan
Frente Amplio alderdiaren bi jarraitzaile hil dira, deskarga elektriko bat jasota, bandera bat jartzen ari zirela.
Erredakzioa
Igande honetako hauteskundeetan 2.620.757 uruguaitar zeuden hauteskundeetan parte hartzera deituta, presidentea, presidenteordea eta bi ganbaretako ordezkariak aukeratzeko. Parte-hartze altua eta lasaitasuna izan dira nagusi eta ez da gorabehera handirik izan.
Botoa ematea derrigorrezkoa da hauteskunde hauetan, eta normalean parte-hartzea % 80 eta % 90 ingurukoa izaten da. Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez, parte-hartzea "nahiko handia" izan da, eta hauteslekuak itxi baino bi ordu lehenago % 80a baino altuagoa zen.
Jose Arocena Hauteskunde batzordeko presidenteak Efe albiste agentziari adierazi dionez, ez da gorabehera nabarmenik izan. Horren esanetan, 6.948 hauteslekuak normaltasunez ireki dira eta "txikikeriez gain, ez da aparteko ezer gertatu".
Gertakarien alorrean, bestalde, Frente Amplio alderdiaren bi jarraitzaile hil dira, deskarga elektriko bat jasota, bandera bat jartzen ari zirela.
Presidente izateko hautagai diren Tabare Vazquez (Frente Amplio), Luis Alberto Lacalle (Partido Nacional) eta Pedro Bordaberry politikariek goizean eman dute beren bozka, eta baita Jose Mujica orain arteko presidenteak ere.
Presidentea eta Parlamentuko kideak aukeratzeaz gain (30 senatari eta 99 diputatu), uruguaitarrek penalki zigortzeko adina 18tik 16ra jaitsi ala ez erabaki dute.
Hauteslekuak 19:30ean itxi dituzte (21:30 GMT), eta lehen emaitzak 22:00etarako (00:00 GMT) ezagutzea espero da.