Mundua -
Ikerketa
Pat Rice atxilotu dute, IRAk 1972an hildako emakumearen ikerketan
Ikerketa horri lotuta, Gerry Adams atxilotu zuten, maiatzean.
Erredakzioa
Ipar Irlandako Poliziak Pat Rice Sinn Feineko kidea atxilotu du, 1972ko hilketa baten inguruko ikerketaren baitan, Berria egunkariak bere webean jakitera eman duenez. Máirtín Ó Muilleoir Belfasteko alkate ohiak baieztatu du albistea.
Polizia Jean McConville emakumearen desagerpena eta heriotza ikertzen ari da, eta maiatzean Gerry Adams Sinn Feineko buruzagiari ere horren inguruko galdeketa egin zioten. Deklaratu ondoren, aske utzi zuten Adams.
McConville 1972. urtean bahitu eta hil zuen IRAk, Erresuma Batuko segurtasun indarren “salataria” izatea leporatuta, eta, ondoren, ehortzi egin zuen. Ikerketa batek, ordea, susmoak okerrak zirela ondorioztatu zuen.
IRAk 1999. urtean onartu zuen McConville hil izan, eta lau urte geroago aurkitu zuten haren gorpua.