Mundua -
Burkina Faso
Yacouba Isaac Zida koronelak bere gain hartu du boterea
Compaore Boli Kostan ezkutatu da, Jamusukro hiriburuan, “Jeune Afrique” aldizkariaren atari digitalak argitaratu duenez.
Erredakzioa
Yacouba Isaac Zida koronelak Burkina Fasoko presidentzia behin-behinean bere gain hartu duela iragarri du. Blaise Compaorek kargua utzi ondoren egin du iragarpena.
Azken egunetan istiluak eta protestak izan dira nagusi Afrikako herrialdean, baita nahasmena ere. Izan ere, atzo Armadako buruak ere bere gain hartu zuen herrialdearen gidaritza.
Telebistan egin duen iragarpenean, Zidak herrialdearen gidaritza bere gain hartu du, trantsizioa egiten den bitartean. Era berean, Honoré Nabere Traorek egindako iragarpenari balioa kendu dio.
Compaore Boli Kostan
Blaise Compaore Burkina Fasoko presidenteak dimisioa eman ondoren, herrialdea utzi zuen. Compaore Boli Kostan dago, Jamusukro hiriburuan, “Jeune Afrique” aldizkariaren atari digitalak argitaratu duenez.
Argitalpenak presidente ohiaren gertuko iturriak aipatuz kaleratu du berria. Dioenez, kargua utzi ondoren Pô-ra zuzendu zen Compaore, segurtasun indar handiez babestuta, baina bidea utzi beharra izan zuen manifestariekin topo ez egiteko.
Handik gutxira, helikoptero batean eraman zuten Jamusukrora.