Mundua -
Alemania
25 urte dira Berlingo Harresia erori eta Gerra Hotza bukatu zela
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak balore komunen gainean eraikitako Europa batu baten aldeko aldarria egin du.
Erredakzioa
Mende laurden bat igaro da dagoeneko Alemaniak bat egin eta Gerra Hotzaren amaieraren sinbolo izan zen Berlingo Harresia erorarazi zutenetik. Batzuek “lotsaren harresia” eta beste batzuek “faxistengandik babesteko harresia” deitu zioten.
Bigarren Mundu Gerran, garaileen arteko akordioek (Ameriketako Estatu Batuak, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, Erresuma Batua eta Frantzia) ekarri zuten 1949. urtean mundua eta Alemania erdibitzea. Alemaniak sorrarazi zuen guda, eta, ondoren, garaitu egin zuten.
Bigarren Mundu Gerraren ostean, Berlin hiria Alemaniako Errepublika Demokratikoaren bihotzean geratu zen, sobietarren kontrolpean, eta lau sektoretan banandu zuten.
Zenbait ikerketaren arabera, Ekialdeko Alemaniak herritarren seiren bat galdu zuen, askok mendebalderantz emigratu baitzuten.
Hasieran, alanbre-hesia izan zen, eta handik gutxira 155 kilometroko harresia eraiki zuten. Hormak Berlingo mendebaldea inguratu eta uharte bihurtu zuen 28 urtez.
Lehenengo harresia 1989ko maiatzean erorarazi zuten, Hungaria Austriatik banatzen zuen alanbrezko hesi elektrikoa kentzen hasi zenean; aste batzuk geroago, milaka eta milaka alemaniar bide horretaz baliatu ziren sartaldera heltzeko, eta beste askok Alemaniako Errepublika Demokratikoak Budapesten, Varsovian eta Pragan zituen enbaxadak hartu zituzten.
Angela Merkelek Europa batuaren aldeko aldarria egin du
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak balore komunen gainean eraikitako Europa batu baten aldeko aldarria egin du Berlingo Harresia erori zela 25 urte bete diren honetan. "Gauzak hobetu ditzakegu, hori da harresiaren erorketak utzitako mezua", esan du harresiaren atzeko bizimoduari buruzko erakusketa irekitzeko ekitaldian.
"Konfiantzazko mezu hau Alemaniari zein Europako eta munduko herrialdeei zuzenduta dago, bereziki, askatasuna eta giza eskubideak mehatxupean edota urratuta dituzten herrialdeei zuzenduta; Ukraina, Siria eta Iraki zuzenduta, besteak beste", adierazi du.
"Harresiaren erorketak ametsak egia bihur daitezkeela irakatsi zigun, ezerk ez duela dagoen bezala iraun behar, oztopoak handiak izanik ere", gaineratu du.