Mundua -

Azaroak 28 eta 29

Kolonbiako bake prozesua babesteko nazioarteko biltzarra, Donostian

Antolatzaileen arabera, azken egunotan prozesuan izandako gorabeherek are garrantzitsuagoa egiten dute “nazioarteko komunitatearen babesa, hasitako bideak jarraipena” izan dezan.

Kolonbiako soldaduak. Argazkia: Efe
Kolonbiako soldaduak.
Kolonbiako soldaduak. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako bake prozesua eta azkenaldiko arazoak bertatik bertara ezagutzea, eta Euskal Herritik babesa helaraztea, izango dira Bakearen Kultura Fundazioak, Lokarrik eta Mundu Batek datorren asterako Donostian antolatu duen biltzarraren helburu nagusiak.

Hiru erakundeek antolatuta azaroaren 27an eta 28an Aieteko Bakearen Etxean egingo dituzten ekitaldien aurkezpena egin dute gaur Donostian.

Aitziber Blanco Lokarrikoak eta Fernando Vaquerizo Mundu Batekoak azaldu dutenez, biltzarra prestatzeko lanetan ari ziren Kolonbiako Gobernua eta FARC Habanan egiten diren bake elkarrizketak eten zituztenean.

Vaquerizoren esanetan, "ohikoa" da bake prozesu luzeetan "krisialdiak izatea". Horregatik, "garrantzitsuena ez da krisiak izatea, nola konpontzen diren ikustea baizik", eta kasu honetan "badirudi konpontzen ari dela", haren esanetan.

Gainera, bere ustez, azken egunotan prozesuan izandako gorabeherek are garrantzitsuagoa egiten dute "nazioarteko komunitatearen babesa, hasitako bideak jarraipena" izan dezan.

Donostiako biltzarra bitan zatituko da. Batetik, azaroaren 27an, herritarrei irekia izango da, eta mahai baten inguruan bake elkarrizketarekin lotura zuzena duten pertsonak elkartuko dira: Martha Cecilia Maya Calle Kolonbiako bakerako goi ordezkariaren aholkularia, Piedad Cordoba senatari ohi eta "Colombianos y colombianas por la paz" mugimenduaren ordezkaria; eta Oscar Guardiola Rivera, Birbeck University of Londoneko Zuzenbide Eskolako dekanoaren laguntzailea, Kolonbiako gatazkaren aditu gisa.

Ostiraleko saioa, azaroaren 28koa, berriz, itxia izango da, eta 40 lagunek parte hartuko dute, Kolonbiako prozesuko adituek eta euskal eragile sozial eta politikoek, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea