Mundua -
Iranen programa nuklearra
Potentzia handiek eta Iranek 7 hilabete luzatu dute negoziazioa
Potentzia handiak eta Iran asteartetik izan dira negoziatzen, 12 urteko gatazkari amaiera ematen saiatzeko.
Erredakzioa
Potentzia handiek (AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Txina, Errusia eta Alemania) eta Iranek Teherango Gobernuaren programa nuklearrari buruzko negoziazioak 2015. urteko ekainaren 30a arte luzatzea adostu dute, Philip Hammond Erresuma Atzerri ministro britainiarrak jakinarazi duenez.
"Aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu, ezin gara gelditu, elkar-ulertzen hasi gara", adierazi du Hammondek.
Horren esanetan, "inportantea da bultzada hau mantentzea", eta, horregatik, abenduan berriz ere elkartuko dira.
Ekaina arte, Iranek hilabetean 700 milioi dolar eskuratu ahal izango ditu petrolio salmentan blokeatutako funtsetatik.
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak deitoratu egin du negoziatzaileak ez direla "espero bezain urrun" iritsi, baina "mahai gainean" "ideia berriak" daudela esan du.
John Kerry AEBko Estatu idazkariak, baina, potentziak ez direla "betiko" egongo negoziazio mahaian ohartarazi du.
Horren hitzetan, negoziazioak "gogorrak" izaten ari dira. "Helburua ez da edozein akordioa lortzea, akordio zuzena lortzea baizik", gaineratu du.
Hamabi urte negoziatzen
Potentzia handiak eta Iran asteartetik izan dira negoziatzen, 12 urteko gatazkari amaiera ematen saiatzeko.
Duela urtebete, G5+1 taldeak negoziazio prozesua abiatu zuen, Iranen programa nuklearrari mugak jartzea xede. Herrialde horrek energia nuklearra ekoitzi nahi du, erabilera zibilerako, baina potentzia handiek bonba atomikoa ez garatzea lortu nahi dute.
Negoziazio prozesuan, Iran programa nuklearraren parte geldiarazteko prest agertu da, nazioarteko isunak eta zigorrak lasaitzearen truke.
Hasieran, sei hilabeteko epea jarri zuten, baina horren ondoren luzatu egin zuten, beste urte erdiz. Horrenbestez, oraingoa hirugarren luzapena izan da.
Iranek ekoitzi dezakeen erregai kopurua, isunak kentzeko prozesuaren abiadura eta programa nuklearrari zenbat kontrol ezarri dira akordioa ixtea galarazten duten gaiak.